Patxi Lopez buru duen Eusko Jaurlaritzarentzat kolpea izan dira Euskobarometroak kaleratu berri dituen datuak. Horien arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %78k Jaurlaritzarengan «konfiantza gutxi edo bat ere ez» dute, eta gobernuak jaso duen nota 3,5ekoa da. Txarra da balorazioa, zalantzarik gabe, baina, Eusko Jaurlaritzaren ustez, normala da hori. Krisi ekonomikoari egotzi dizkio inkestaren emaitza txarrak Iñaki Arriola Etxebizitza, Lan eta Garraio sailburuak; «egoera ekonomiko kezkagarriari».
Autokritikarik ez du egin Arriolak: «Jendeak ezinegona du bizi dugun egoera ekonomiko kezkagarriagatik, eta halako egoeretan ez dago ondo paratuta aterako den gobernurik», esan du.
«Larrua uzten»
Sailburuaren hitzetan, Eusko Jaurlaritza «ahalik eta ondoen» ari da lanean «ezarritako helburuak betetzeko, gobernuaren kudeaketa ahalik eta ondoen egiteko, behar diren baldintza ekonomikoak ezartzeko eta lana sortzeko, eta, hori guztiori, nahi dugun ongizatearekin orekatuta egiteko». Areago, «Euskadik behar dituen proiektu ekonomikoak» garatzeko lanean «larrua uzten» ari dela adierazi du. Egoera ekonomikoa ez dela ona gogorarazi du berriz, eta administrazioek dituzten baliabideak ere urriagoak direla, diru bilketarako ahalmena ere gutxitu egin delako.
«Nota hobea» jasotzea nahiko luketela onartu du Arriolak, eta, aurrera begira, hori erdietsi nahian arituko direla. «Ahal dugun ondoen lan egiten jarraituko dugu, herritarrek benetako balorazioa egiteko ordua iristen denean, hurrengo hauteskunde autonomikoetan, herritarrek Eusko Jaurlaritzan egiten ari garen lana baloratu dezaten».
PPren deia lehendakariari
PPk bere irakurketa egin du Euskobarometroak utzitako datuei buruz. Leopoldo Barreda bozeramailearen ustez, PSE-EEren gobernua PPrengandik urrundu egin delako jaso ditu Jaurlaritzak horren emaitza txarrak, eta beraz, berriz ere gerturatu behar du PPrengana. «Lehendakariari dagokio PPren oinarri sozialak Eusko Jaurlaritzarekiko sentitzen duen urrunketa berbideratzea eta PPrekin egindako akordioetan oinarrituta gobernatzea». Izan ere, Barredaren iritziz, «ETAren aurka zero tolerantzia izatetik Bilduren legeztatzea txalotzera igaro da, eta horrek ondoeza eragin du» PPren boto-emaileen artean. Hortaz, bere ustez «logikoa» da Jaurlaritzak herritarrengandik jaso duen balorazio txarra.
Horiek esanda, egurra eman dio Lopezen gobernuari: «Oraindik ez ditu gainditu EAJrekiko dituen konplexuak, eta, oposaketetarako deialdiak egiten direnean euskarari ematen zaion indarrak orekatu gabe jarraitzen du; euskarak erabakigarria izaten jarrai dezan ahalbidetzen du». Bilduren legeztatzea «lotsagabeki txalotu» zuela ere aurpegiratu dio Barredak, bere ustez gaizki egin dituenak azaltzerakoan.
«Guzti horrek PPren boto-emaileak urrundu egin ditu, eta hemen behar dena da PSE-EE koherentea izatea boterera eraman zuen akordioarekin», ondorioztatu du PPrekin egindako hitzarmena gogorarazita.
Hala ere, hori guztia «gainditu daiteke», Barredaren hitzetan. Baina, horretarako, «bateriak kargatu» behar dituela esan dio Lopezi; PPrekin egindako akordioak bete behar dituela. Ekonomia suspertzeari begira lan egiteko aholkatu dio; «eta horrek esan nahi du etengabe EAJri zeharka begiratzeari utzi behar diola».
Jaurlaritzak krisiari egotzi dio berari buruz herritarrek duten irudi txarra
Egoera ekonomiko txarretan herritarrek «ezinegona» izaten dutela esanaz justifikatu ditu Euskobarometroaren datuak ArriolakPPrengandik aldendu ordez berriz hurbildu behar duela esan dio Barredak Lopezi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu