Itolarrian dagoela ohartarazi du EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, Eusko Jaurlaritzak %20 gutxitu dizkiolako diru laguntzak azken bi urteetan. «Laguntza eskatzen diguten elkarteen aurrean egoera prekarioan utzi gaituzte», azaldu du Batiste Ezeizak, presidenteak. Proiektuak eta lan taldea murriztu behar izan dituztela esan du. Jaurlaritza dute diru iturri nagusi. Krisia bai, baina murrizketaren atzean «nahitakotasun bat» ikusi du EGK-k: «Ezinegona sortu digute hainbat zantzuk. Kontseiluaren eredua aldatu nahi du Jaurlaritzak».
Gazteriaren Legea onartzeko zirriborroa egina du Gasteizko gobernuak —laugarrena—, eta aurki igorriko du Eusko Legebiltzarrera. Proposamenen artean dago Gazteriaren Institutua sortzea. «Oraingo eredua erabat aldatzeko arriskua dago», Ezeizaren ustez. Areago, haren arabera, izaera juridikoa aldatzeko ere eskatu die Jaurlaritzak; «kontrolatu» egin nahi ditu horrela. Manifestu bat egin dute murrizteen aurka, eta 35 eragilek sinatu dute. Kontseiluan bertan beste 55 daude bilduta.
Jaurlaritzak «nahita» diru laguntza gutxituta, EGK-k ohartarazi du larri dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu