Oraingoz, ez da izanen gogortzerik. Hego Euskal Herrian atzo ireki zen zahar etxeetako langileei eragiten dieten mugak zorrozteko aukera, baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako agintariek dagoeneko eman dute erantzuna: gaur-gaurkoz ez dituzte Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Kontseiluak helarazitako gomendioak aintzat hartuko. Kontseiluak proposatu zuen, hain zuzen, zaharren egoitzetako langile izanik COVID-19aren kontrako txertoa hartzeari uko eginez gero edo oraindik txertoaren bi dosiak jasoak izan ezean bi PCR proba egin behar izatea astean, edo, kasuaren arabera, langile horiek lanpostuz aldatzeko aukera aztertzea.
Gaiaren gainean erabakitzeko, Eusko Jaurlaritzak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek bilera egin dute goizean, modu telematikoan. Batzarra bukatutakoan, ohar baten bidez jakinarazi dute gaur egun indarrean diren neurriei eutsiko dietela. Edonola ere, argitu dute egoera aztertzen segituko dutela.