Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi du krisi ekonomikoa dela-eta 2010eko aurrekontuetan murrizpenak egingo dituztela, "lehentasunak" jarrita. Hala, jakinarazi du osasun, hezkuntza, gizarte, azpiegitura eta enpresa arloetan ez dutela diru jaitsierarik egingo.
PPrekin legealdiko akordio "sendoa" egina du PSE-EEk, Mendiak azpimarratu duenez, Jaurlaritza "egonkorra" izateko. Abuztuan Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari eta PSEko idazkari nagusia eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea bildu egin ziren, krisiari aurre egiteko asmoz neurriak hartzeko, eta Mendiak gaur Euskadi Irratian esan du Jaurlaritzak irailaren 8ko gobernu kontseiluaren bileraren ostean emango duela neurrien berri.
Maiatzaren hasieratik dago Jaurlaritza berria, eta bozeramaileak aurreko exekutiboari kritika egin dio gastuaren arloan. "Izan ere, Jaurlaritzara iritsi ginenean ikusi genuen 2009ko %70 xahututa zegoela".
Hurrengo urteko aurrekontuei begira EAJri "argitzeko" eskatu dio, "batzuetan akordioetara iristeko prest dagoela esaten baitu eta hurrena kontrakoa". PSE-EEk Eusko Legebiltzarreko talde denekin adostasunera iristeko borondatea duela esan du Mendiak.
Eskumenez hitz egiten
Espainiako Gobernuarekin Gernikako Estatutuko eskumenez hizketan segitzen duela adierazi du, eta 2010ean Enplegu eskumena jasotzeko helburua dutela; "oso garrantzitsua izango da". 1979an onartu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Estatutua, baina Jaurlaritzak oraindik ia 40 bat eskumen jaso gabe ditu.
Zergei buruz irailean ere aipatutako hiru lurraldeetako Ogasun diputatuekin batzartuko direla jakinarazi du Jaurlaritzako bozeramaileak.
politika
Jaurlaritzak osasun, hezkuntza, gizarte, azpiegitura eta enpresa arloetan ez du diru murrizpenik egingo
Idoia Mendia bozeramaileak dio 2010eko aurrekontuak lehentasunak jarrita egingo dituztela. Eusko Legebiltzarreko talde denekin akordioetara iristeko borondatea dutela adierazi du, eta EAJri "argitzeko" eskatu dio. Irailaren 8an krisiari buruzko neurrien berri emango du exekutiboak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu