Eusko Jaurlaritzak Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko euskal estrategia (2022-2025) aurkeztu du gaur, Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunean. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Ainara Canto EDE fundazioko aholkularitza eta ikerketa sozialeko arduradunak aurkeztu dute plana, Gasteizko Europa jauregian. Sailburuak aurreratu du helburu hauek izango dituela estrategiak: «Haur eta nerabeenganako indarkeria mota guztiak prebenitzea; gerta daitezkeenak azkarrago detektatzea; garaiz esku hartzea; haur eta nerabeei behar duten arreta eta babesa ematea; eta, ahal den neurrian, eragindako kalteak konpontzea». Artolazabalek nabarmendu duenez, estrategia «aitzindaria» da; izan ere, Europako «oso herrialde gutxik» dute antzeko estrategiarik.
Estrategia prestatzeko prozesu parte hartzailearen koordinatzaile nagusia izan da Canto. Hala, hurrengo lau urteetarako plan estrategikoak aurreikusten dituen lan ildo nagusiak zehaztu eta aurrera begira izango dituen lau ardatz nagusiak aipatu ditu.
Lehenengo ardatza gazteen eta nerabeen eskubideen sustapena eta prebentzioa izango da. Horretarako, Cantok nabarmendu duenez, funtsezkoa da «tratu onaren kultura, erantzukidetasuna eta ingurune seguruak sustatzea», besteak beste. Bigarren ardatzaren helburua zera da, indarkeria kasuak edo indarkeria arriskua garaiz atzematea, «haien eragina gutxitzeko», Cantok azaldu duenez. Arreta integrala bermatzea du helburua hirugarren ardatzak, indarkeria egoeran dauden adingabeei laguntzeko, babesteko eta konpontzeko beharrei erantzuteko. Azken ardatz nagusia hainbat erakunde eta gizarte eragileren arteko lankidetza hobetzea izango da; horrela, «erantzunen eraginkortasuna hobea» izango dela zehaztu du sailburuak.
44 ekintza
Esparru horretan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 44 ekintza aurreikusten ditu 2022rako, lau ardatz estrategikoetan jasotako jarduera ildoetatik 53ri erantzuteko. Artolazabalek esplikatu duenez, prestakuntza ikastaroak, profesionalen topaketak eta kirolean haur eta nerabeei sexu jazarpena eta abusua prebenitzeko programak antolatuko dituzte, besteak beste.