Errioxako Gobernuak esku artean dauka Araba eta Espainia arteko mugatik gertu bizi diren gaixoak artatze aldera Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eginiko akordio proposamena. Datorren asteko igandea baino lehen erantzun beharko du Errioxak, hilaren 29an amaitzen baita bi gobernuek akordio bat erdiesteko epea. Abenduan hitzartu zuten behin-behineko ituna, eta otsailaren 29rako behar zuen behin betikoak. Egun horretan, ordea, hilabetez luzatu zuten negoziazioa, eta martxoaren 31rako adostu beharko dute hitzarmen berria.
«Ikusiko dugu zein egoera dugun datorren astean, baina uste dugu erkidegoek ez badituzte gaixoak partekatzen ez dugula osasun sistema nazionalik izango», esan zuen atzo Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Bilbon egin zituen adierazpenok Bengoak, Osarean telefono bidezko kontsulta zerbitzuaren zabalpenaren aurkezpenean. Orain arteko akordioa «luza daiteke edo ez», esan du Bengoak. Haren arabera, osasun zerbitzuak trukatzea proposatu dio Eusko Jaurlaritzak Errioxako Gobernuari, eta, beraz, ordain ekonomikorik ez egitea. Arabako gaixoak Errioxan artatzeari utzi ziotenean, horrela egiten segitzeagatik dirua jasotzeko asmoa azaldu zuen Errioxako Osasun sailburu Jose Ignacio Nietok.
Bengoaren arabera, Errioxa baino handiagoa da Euskal Autonomia Erkidegoa: «Zerbitzu eta osasun teknologia batzuetan ahalmen eta azpiegitura gehiago ditugu. Horregatik, Errioxak bere herritarrei eskain ezin diezazkiokeen zenbait zerbitzu eman diezazkiekegu guk».Orobat, Arabako osasun azpiegiturak sendotzea jasotzen du Jaurlaritzaren proposamenak,Logroñok «horrenbesteko presioa» izan ez dezan.
Espainiako lurralde arteko batzordeaz ere hitz egin du Bengoak. Mugatik gertu bizi diren herritarren osasun arretan gertatu diren arazoak ez baditu konpontzen, batzorde horrek ez duela «askorako balio» uste du Bengoak. Arazoa konpontzeko alderdi politikoak hizketan ari direla erantsi du.
Nieto, itxaropentsu
Behin-behineko ituna behin betiko bihurtzeko epea amaitzen denerako akordio batera ailegatuko direlakoan da Nieto. Herenegun esan zuenez, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Osasun sailetako arduradunekin hitz egiten ari da Errioxako Gobernua. Nolanahi ere, argitu zuen ez dela berririk egongo hilaren 31 baino lehen.
Iazko irailean utzi zion Errioxak mugatik gertu bizi diren Nafarroako eta Arabako herritarrei osasun arreta espezializatua emateari. Hiru hilabetez egon ziren bi herrialdeetako gaixoak etxetik gertuen zuten erietxera—Logroñoko San Pedrora— joan ahal izan gabe.
Jaurlaritzak proposamen bat helarazi dio Errioxari osasun akordio bat lortzeko
Behin-behineko ituna hilaren 29an iraungiko da; «hitzarmena luza daiteke edo ez», adierazi du Bengoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu