Erkorekak Madrili galdegin dio aintzat har dezala Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententzia "argi eta sendoa". Erkorekak neurriak hartzera deitu du Espainiako Estatua, etorkizunean "mota horretako egoerak" errepikatu ez daitezen.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak sententzia eman eta berehala, agerraldia egin du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak. Haren iritziz, epaiak "erakusten du herri honetan gatazka politiko bat izan dela, biolentzia asko izan direla; ez da egia biolentzia bakarra izan denik". Sortuk ziurtatu du tortura "sistematikoa eta sistemikoa" izan dela Espainiako Estatuan.
Rodriguezek nabarmendu duenez, "estamentu askoren konplizitateak" ahalbidetu du tortura: "Epaileek, auzitegi medikuek, komunikabide askok... beste alde batera begiratu dute".
Tortura "zigorrik gabe" egon dela salatu du, eta gaineratu "estalketa hori" indarrean dagoela; hain justu, gogora ekarri du Nafarroako Parlamentuak torturari buruzko txosten bat egitearen aurka jo duela Espainiako Gobernuak: "Zeren beldur da Espainia? Halako txosten batek frogatuko du herri honetan tortura sistematikoa dela".
Halaber, salatu du estatuak ez duela egin "bide demokratikoekiko transitorik", eta indarkeria erabiltzen duela "herri honen aspirazioen aurka". Hortaz, dei egin dio estatuari "alde batera utz dezan bere estrategia biolentoa", eta erreparazioa eskatu du biktimentzat: "Torturaren biktimak gatazkaren biktimak dira, eta, gainontzekoek bezala, aitortza eta erreparazioa behar dute. Ez dago normalizazioaz hitz egiterik erreparaziorik ez badute". Horri lotuta, "torturaren existentziaren aitortza politiko eta instituzionala" exijitu du.
Torturaren "errealitatea" onartu dezala eskatu dio Espainiako Gobernuari Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren Kongresuko diputatuak ere. Dagoeneko 4.000 tortura kasu dokumentatu diren arren, tortura existituko ez balitz bezala jokatzea egotzi dio Madrili.
Geroa Baik "biktima guztien aitortza eta erreparaziorako politikak" defendatu ditu sententziaren berri izan ostean. Koldo Martinez alderdiko bozeramailearen esanetan, Estrasburgoren ebazpenak "agerian utzi du zenbait alderdik, PPk tarteko, ezkutatu nahi duten errealitate bat". Gaineratu duenez, Espainiako Estatuko erakundeak ez dira egon "estatu demokratiko batek izan behar duen mailan".
Martinezek Espainiako Estatuari leporatu dio torturarekin lotutako salaketa oro oztopatzea. Nabarmendu du estatuak hartutako zenbait neurrik hainbat "oinarrizko eskubide eta berme juridiko bertan behera utzi" dituztela. Neurri horien adibide aipatu du "inkomunikazio epe luzea", "inpunitate eta tratu txar" eremuak sortzeko aukera errazten dutela iritzita.
Geroa Baik berretsi egin du tortura eta tratu txar kasuak argitzearen alde lan egiteko konpromisoa. Giza eskubide urraketa guztien gaineko egia, justizia eta erreparazioa galdegin du.