Jaurlaritzak udazkenera arte atzeratuko ditu hizkuntza maila egiaztatzeko probak

Indarrik gabe utzi du maiatzaren 9rako aurreikusitako proba idatzia, eta urrian egingo du. Onartutako eskabideak kontuan hartuko dira bigarren deialdi horretarako.

EGA Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko probak. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2020ko apirilaren 6a
16:16
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak baliogabetu egin du hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko aurtengo lehen deialdia, eta 2020ko udazkenean egingo dira azterketak. Argudiatu dutenez, COVID-19 gaitzaren hedapenak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, ezin da egin ekitaldi jendetsurik; hori dela eta, erabaki du indarrik gabe uztea Jaurlaritzak maiatzaren 9an Barakaldoko BECen (Bizkaia) egitekoa zuen proba idatzia.

Hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko lehen azterketarako onartuta zeuden eskabideak, berriz, kontuan hartuko dira 2020ko urrirako aurreikusita dagoen bigarren deialdirako.

4.457 eskabide

2020ko lehen seihilekoari dagokion deialdia normal garatu da, eta, gaur egun, parte hartu nahi zutenek eskabideak aurkezteko epea igarota, deialdi horretan onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratuta zegoen. Guztira, 4.457 eskabide zituzten erregistratuak 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza eskakizunak (B1, B2, C1 eta C2 euskara mailak) egiaztatzeko lehen deialdi horretarako.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak datorren asteazkenean argitaratuko du, apirilaren 8an, Maite Iruretagoiena EHAAko zuzendariaren ebazpena, deialdi hori indarrik gabe uzteari buruzkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.