Jaurlaritzak ziurtatu du ospitaleetan papergabeei ere kasu egingo dietela

Mendiak adierazi du ez dutela bereizketarik egingo atzerritarren eta bertakoen artean; ez da onargarria, haren ustez

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Paperik ez daukaten etorkinei zerbitzua emango diete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketak gorabehera. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako sailburuak ziurtatu du aurrerantzean ere kasu egingo dietela dokumentaziorik gabe dauden etorkinei. «Ez diegu desberdin begiratuko bertakoei eta kanpotik etorri direnei», adierazi du.

Erroldan izena emanda bai baina paperik ez daukaten etorkinei osasun txartela kentzeko asmoa du Madrilgo gobernuak. 17.000 inguru dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. PPk nahi du larrialdietan soilik kasu egitea pertsona horiei —adingabeei eta erditzera doazenei izan ezik—. Kopuru horri gehitu beharra dago erroldan ez daudenena ere, haiek orain ere zerbitzutik kanpora baitaude.

Etorkinak ezinbesteko direla erantzun du Mendiak: «Denok gara beharrezko, eta, aurki, kanpotik etorri eta lanean ari direnak oso beharrezko izango dira gure etorkizunerako». Adierazi du ez dela «onargarria» paperik ez dutenei zerbitzua kentzea.

Espainiako Osasun Ministerioak «logikotzat» jo ditu Mendiaren adierazpenak. Berri agentziei azaldu die bidezkoa dela etorkinei kasu egiteko «formulak» bilatzen saiatzea. Nolanahi ere, bereari eutsiko diola iragarri du ministerioak: osasun txartela kenduko diete paperik ez duten etorkinei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.