JAURLARITZAREN HIRU ELEKO EREDUA. Lehendik urratutako bidea

Hiru eleko eredua proba gisara abian jartzeko prozesuak ez du aldaketa handirik ekarri ikastetxeetara, eleaniztasuna sustatzeko egitasmoak martxan baitituzte.

Jon Rejado-Maite Asensio-Arantxa Iraola
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ez dira hutsetik hasi. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proba gisara proposatutako hiru eleko eredua martxan jarri duten ikastetxeentzat, egitasmoa ez da eleaniztasunerantz emandako lehen pausoa. Eredu berria nola ari diren txertatzen azaldu diote BERRIAri Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe banak, eta hirurek adierazitakoaren arabera, esparru berriak ez du aldaketa handirik ekarri. Izan ere, euskara, gaztelania eta ingelesa irakaskuntzan txertatzeko bidea aspaldi abiatu zuten.

Jaurlaritzak LH Lehen Hezkuntzako laugarren mailan zeinDBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailan eredua abian jartzeko aukera eman du. Hizkuntza bakoitzean gutxienez bost eskola ordu eman behar dira LHn; sei DBHn. Ikastetxeen esku dago gainerako orduetan zer hizkuntza hautatu.

MIGUEL DE UNAMUNO
Ikastetxe publikoa (Gasteiz)
«Ingelesez emandakoeskolak hartzeko, oinarrizko ezagutza behar da»

Euskara, gaztelania eta ingelesa ikasgela barruan uztartzen eskarmentua du Miguel de Unamuno Gasteizko institutu publikoak. 2002. urtean hiru eleko eredua abiarazi zuen, eta hala ikasi duten bi ikasle belaunaldik DBH eta batxilergoa bukatu dituzte bertan. Sekun Bermejo eta Maite Aranzabal Jaurlaritzaren irizpideen arabera antolatutako esparru berrian ari dira. Mamen Perezek, berriz, 2002. urtean hasitako ereduarekin lan egin zuen Aranzabalekin. Hirurek eredu zaharra eta esparru berriaren arteko oinarrizko aldeak nabarmendu dituzte. Hala, 2002. urtean hasitako ereduan gutxieneko ingeles maila eskatzen zen, eta ikasle gehienak B eta D ereduetatik zetozen, euskarazko ezagutza bermatzen zutelako. Ordea, esparru berrian ez dago aurreko azterketarik.

Eredu berrian matrikulatzea librea izan arren, dauden plazen arabera betiere, Miguel de Unamuno ikastetxeko ingeleseko arduradunek gutxieneko maila izatea lagungarria zela azaldu zieten gurasoei. «Ingelesez emandako eskolak hartzeko, oinarrizko ezagutza behar da», azaldu du Bermejok. Ikasleen gutxieneko ingeles maila bermatu arren, DBHko lehen mailan irakasgai «samurrenekin» hastea egoki ikusten du Bermejok: «Ezin duzu lehen urtean Matematika ingelesez eman». Ikasleak ingelesezko gaitasuna garatzen ari direla azaldu du, eta ikasturteak aurrera egin ahala Filosofia ingelesez ematera hel daitezkeela.

Hezkuntza Sailak abiarazitako hiru eleko eredu berrirako egokitzapenak arazo batzuk sortu dituela adierazi du Maite Aranzabalek. Proposamen berrian, esaterako, euskarazko ordu gutxiago daude eredu zaharrean baino, eta horrek ez zuen harrera ona izan D eredutik heldutako ikasleen gurasoen artean. Horrez gain, Hezkuntza Sailak ereduaren berri eman zuenerako aurreko hiru eleko eredua eskainita zeukaten ikastetxeek LHko eskoletan, eta aurreko ereduari emandako laguntzak kendu egin dizkie Jaurlaritzak. Nolanahi ere, aurten ereeredu horri eutsi egin diote.

Argi dute hirurek«irakasleen ekimena» ezinbestekoa dela eleaniztasunaren bidean. «Ikastetxe publikoetan dugun arazo nagusiena langile taldea da», azaldu du Aranzabalek. Izan ere, eskola publikoetako langileek erronka berriari aurre egiteko prestakuntza behar dute, guztiek irakasgaia ingelesez emateko gaitasuna ez dutelako. Hizkuntza hori ikasi nahi duten irakasleentzako laguntzarik ez dagoela gogorarazi du Bermejok, eta hiru eleko esparrua hedatuko bada, hori zuzentzeko tresna egokiak sortzea proposatu du. Nolanahi ere, Miguel de Unamunon Ingeleseko Mintegikoa irakasleez gain eskolak ingelesez emateko gai diren irakasleak daudela nabarmendu dute, «zorionez». Dena den, argi dute ikasturte batetik bestera egoera alda daitekeela. «Ezin dugu nahi duguna egin, baizik eta ditugun baliabideen arabera egokitu», gogorarazi du Perezek. Astean ingelesezko zazpi ordu eman ahal izateko irakasgaiak «sortu» behar izan dituzte, betiere ohiko irakasgaiekin talka egin gabe.

Eredu zaharrarekin zein eredu berriarekin 50 ikasle inguru matrikulatzen dira urtero, eta etorkizuna norabide horretan doala argi dute hirurek, baikor.

ORERETA IKASTOLA
Itunpeko ikastetxea (Errenteria)
«Guretzat aldaketara moldatzeak ez du ekarri aztoramendu handirik»

Errenteriakoa da (Gipuzkoa) Orereta ikastola, itunpekoa. 1960ko hamarkadan urratu zuen bidea, eta 0-3 zikloan hasi eta batxilergoa amaitu arteko eskolak ematen ditu gaur egun. Hiru eleko hizkuntz eredura egokitzeko aparteko moldaketarik ez dutela egin behar izan dio Egoitz Verdugo zuzendari pedagogikoak. LHko laugarren mailako lau ikasgelatan jarri dute martxan eredu berria, eta ikasturte amaieran talde horietako hogei ikaslek pasatuko dute Eusko Jaurlaritzaren ebaluazioa. Aldaketak ez die aparteko kezkarik eragin. Hiru eletan batera jarduten ohituta daude ikasleak. «Orereta ikastolak eta Euskal Herriko ikastola guztiek urte ugari daramatzate eleaniztasunean, Eleanitz proiektuan, eta horrek bermatzen du oinarri bat badaukagula, bai ingelesa lantzeko, bai gaztelania lantzeko, eta, noski, euskara lantzeko. Azken finean, gure ikastolaren helburua euskara da, eta gure hezkuntzaren ardatza».

Hizkuntzak, ikasgelan, ahalik eta modu naturalean txertatzen saiatzen dira; hainbat ikasgaitan tartekatzen dituzte ingelesezko eta gaztelaniazko jarduerak. «Izan daiteke, esaterako, Euskal Herriko geografia ikastean ikasliburuan ibai baten informazioa ingelesez agertzea eta ingelesez lantzea». Euskara, Ingelesa eta Gaztelania izaten dira, ikasgai gisara, elebakarrak izaten diren eskola ordu bakarrak. Gainerakoetan, tarteka, gaztelania eta ingeles zipriztinak izaten dira. «Baina modu transbertsal batean, ez da gauza berezi bat; tresna moduan hartzen dute ikasleek hizkuntza». Haurrak, gainera, ingelesarekin 4 urterekin hasten direla dio Verdugok, eta horrek samurtu egiten duela prozesua: «Ohituta egoten dira». Horregatik ez die aparteko nekerik eman Jaurlaritzak proposatutakora egokitzeak. «Moldaketa txikiak eginez betetzen ditugu ereduak agintzen dituen portzentajeak», azaldu du. «Agian, ingelesezko fitxaren bat gehiago sartu behar izan dugu, baina benetan guretzat aldaketara moldatzeak ez du ekarri aztoramendu handirik».

Ingelesarekiko helburua, Eleanitz egitasmoan, 16 urtean jartzen dute ikastolek. «B2 helburua jartzen dugu; ikasle denek ez dute lortzen maila hori, baina guk lortu nahi dugu DBHko laugarren maila amaitzean gaitasun batzuk izatea ingelesean». 12 urterekin hautazkoa izaten dute ikasleek laugarren hizkuntzari ekitea: frantsesa izaten dute aukeran. «Ikasleen erdiek behintzat aukeratzen dute».

Jaurlaritzak ezarritako ereduaren ebaluazioa zehazki zein izango den ez dakite oraindik. Baina baikorrak dira. Arrunt nota ona lortuko dutela dio Verdugok: «Ebaluatuko gaituzte; ebaluatuko dituzte gure eredua, Eleanitz, eta beste eredua, eta gu seguru gaude gure ereduak nota hobeak izango dituela». Baliabide zenbait jaso dituzte Jaurlaritzaren partetik eredu hau ezartzeko, eta erabili dituzte: «Gure eredua indartzeko». Hala ere, ikastolako irakasleek proposamenera egokitzeko ez dutela deus berezirik egin dio Verdugok. «Aurretik ere prestatuta daude gure eleaniztasun ereduan».

LEKEITIOKO ESKOLA
Ikastetxe publikoa (Lekeitio)
«Guk ez dugu euskara galtzeko beldurrik, kalean, etxean eta eskolan dagoelako»

Lekeitioko eskola publikoak ere (Bizkaia) orain hamar urte inguru ekin zion eleaniztasunaren bideari. Ikas Komunitatea izeneko proiektuaren barruan eginiko eztabaidan ohartu ziren hizkuntzen garrantziaz. LHko zentroa da, D eredua darabilena eta hizkuntzak «oinarrizko» jotzen dituena. Hala ondorioztatu izan dute ikastetxeko irakasle, langile, ikasle eta gurasoz osatutako batzordeek, Xabier Iturbe zuzendariak azaldu duenez: «Emaitza akademiko onak lortzeko, hizkuntzak menderatu behar dira. Hasieratik izan dugu hiru hizkuntzak bultzatzeko asmoa». Hala, batez ere ingelesa sustatze aldera, ikasgai bakoitzean jorratutako gaiak landu izan dituzte talde txikietan.

Izan ere, atzerriko hizkuntza da gurasoen kezka iturri. «Nolako ikastetxea nahi dugun eztabaidatzean, guraso askok ingelesa aipatzen dute; etorkizunari begira garrantzitsutzat daukate, eta sendotu beharra ikusten dute», dio Iturbek. Euskara, berriz, ez du arriskuan ikusten, haur gehienen ama hizkuntza baita: «Guk ez dugu euskara galtzeko beldurrik. Hori ikastetxe bakoitzak aztertu beharko du, bere egoera soziolinguistikoaren arabera. Baina Lekeition, euskara kalean, etxean eta eskolan dago, baina maila igotzeko erronka ere badugu».

Arazoa, izatekotan, gaztelaniarekin dute, gune euskalduna izaki, ikasleek «ahozkotasuna findu» behar dutela aitortzen baitu Iturbek. Hori dela eta, gaztelania ikasgai praktiko baten bidez lantzea erabaki dute, Plastikako eskola orduetan. Ingelesa sustatzeko, ordea, arlo teoriko bat hautatu dute, Ingurune, baina eskola orduak euskararekin banatu dituzte: «Ingelesa irakaskuntzan txertatzea zailagoa da, ez dagoelako gure inguruan. Horregatik uste dugu komenigarriagoa dela Inguruneko bi saio euskaraz ematea, eta beste bi saio ingelesez: hizkuntza batean eta bestean jorratutako edukiak lotzeko aukera ematen digu».

Zuzendariak «erronkatzat» dauka gaiak ingelesez lantzea eta idaztea, baina «baikor» da, «ikasleak maila pixka batekin heltzen direla ikusita». Irakasleei dagokienez, ez dute inor kontratatu behar izan, taldean badaudelako ingelesez dakiten zenbait. Dena den, Iturbe ez dago horrelako egitasmo batean kanpoko norbait sartzearen alde: «Argi genuen gure taldeko irakasle bat jarri behar genuela ingelesezko klaseak ematen, proiektuak jarraipena izan dezan. Kanpotik datorrena aurten egongo da, baina datorren ikasturtean, agian, ez».

Hartara, hiru eleko ereduak ez du aldaketa handiegirik ekarri Lekeitioko eskola publikora. Izatez, ikastetxeak martxan jarritako egitasmo bat garatzeko aukera eman dio; are gehiago, Iturbek uste du hiru eleko eredua bat-batean abiatzea zaila dela: «Ikastetxeek antzeko proiekturen bat eduki behar dute eredu berria aplikatu ahal izateko». Gainera, Jaurlaritzak ez die zentroei jarraibiderik ia eman: «Ez dakigu zein asmo duen Hezkuntza Sailak. Denok irakasgai bera ingelesez emango bagenu, unitate didaktikoak egiteko aukera egongo litzateke, baina gu geure kabuz gabiltza. Ebaluazio zorrotzak egingo dituztela baino ez dakigu».



Itunpeko eskola gehiagoari dira, publikoak baino

Nabarmena izan da eskola publikoek harrera hotzagoa egin diotela eredu berriari itunpekoek baino. 74 eskaera egon ziren hiru elekoa probatzen hasteko; 18, eskola publikoek eginak, eta gainerakoak, itunpekoek. Jaurlaritzak hautatuak 40 ikastetxe izan dira: 16 publiko eta 24 itunpeko.





Ikastetxe hautatuak

ARABA (GASTEIZ)

Luis Dorado, San Martin, Urkide, Nazareth, Presentacion de Maria, San Viator eta Miguel de Unamuno ikastetxeak.

BIZKAIA

Larrea, Antonio Trueba, El Regato eta Cruces (Barakaldo); Pio Baroja, Zurbaran, Miguel de Unamuno, Rekaldeberri, El Ave Maria eta Ibaigane (Bilbo); San Bartolome, Txomin Aresti, Jose Migel Barandiaran eta B. V. Maria (Leioa); Las Viñas eta Santa Maria-Hijas de la Cruz (Santurtzi); San Fidel ikastola (Gernika-Lumo); Txomin Agirre ikastola (Ondarroa); Franciscanas de Montpellier (Trapagaran); San Felix de Cantalicio (Ortuella); Jado-Compasion (Erandio); Munabe (Loiu); Vizcaya (Zamudio); Lekeitio (Lekeitio); Barrutialde (Arratzu).

GIPUZKOA

Haurtzaro ikastola (Oiartzun); Orereta (Errenteria); Usabalgo Laskorain ikastola (Tolosa); Jakintza ikastola (Ordizia); Manuel de Larramendi, Presentacion de Maria eta Ingeles ikastetxea (Donostia); Presentacion de Maria (Urnieta).





Eskolek «harrera ona» egin diote ereduari, Zelaaren ustez

Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arabera, gogotsu murgildu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak proposatutako ereduan. «Harrera ona egin diote». Ukatu egin zuen atzo hitz horiekin Eusko Legebiltzarrean EAko eledun Juanjo Agirrezabalak egindako kritika. Hark salatu zuen ikastetxe publiko gehienek «bizkarra» eman diotela proposamenari: «Izan ere, ez dute sinesten honetan; ez dakite zein helmuga lortu behar dituzten hizkuntza bakoitzean». Isabel Zelaaren arabera, ikastetxeek, eredu berrian murgiltzeko aurkeztu dituzten proiektuak «kalitate handikoak» izan dira, eta horietan eskolek argi erakutsi dute Hezkuntza Sailaren «filosofiarekin» bat egin dutela. «Adostasuna erabatekoa izan da ikastetxeetako proiektuen eta Hezkuntza Sailaren helburuen artean», esplikatu du.Eredu berria probatzen hasteko hautua egin duten ikastetxe guztiek ikasturtea arazorik gabe hasi dutela azaldu du. «Dena prest dago, eta martxan». Gogora ekarri du proiektuan murgiltzeko eskariek eskaintza bikoiztu zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.