Ez zegoen aurreikusita. Baina hauteskunde kanpainetan halakoak gertatzen dira. Atzoko gertakari batek aldarazi zuen Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak Irunen (Gipuzkoa) eginiko mitinerako prestatuta zeukan hitzaldia. Enara Rodriguezek, Bateragune auziagatik espetxean dagoen Arkaitz Rodriguezen arrebak, Logroñoko espetxetik bueltan zetorrela jasandako jazarpena ekarri zuen gogora Mintegik, eta mezu argi bat bidali zien Espainiako eta Frantziako estatuei: «Herri honek bakea nahi du, ez erasorik eta ez jazarpenik. Amaitu da bortizkeriaren garaia, eta horrela ulertu behar dute iraganari begira dauden horiek».
Ehunka lagun bildu zituen atzo koalizioak Irungo Amaia antzokian eginiko ekitaldian. Bideoak, dantza eta musika uztartu zituzten ordubete pasa iraun zuen mitinean. Kanpoan, mokadutxo bat hartu, eta antzokiko areto nagusiko aulki guztiak bete zituzten ia.
Eskualdeko abesbatza batek, dantza talde batek lagunduta, Mikel Laboaren Martxa baten lehenengo notak abestu ondoren, Xabier Isasi Gipuzkoako zerrendaburua igo zen oholtzara. Larunbatean Donostiako Atano III.an egin bezala, «aberkideok, Bildu Euskal Herria» esanez agurtu zuen publikoa. Ekonomia izan zuen hitzaldiaren oinarri. Isasik gogor kritikatu zituen krisialdi ekonomikoa eragin duen sistema ekonomiko «anker eta krudel honen» arduradunak. Eredu horrek «aldaketa sakona» behar duela adierazi zuen, eta EH Bildu hori aurrera eramateko bermea dela nabarmendu. «Horretarako, zuen parte hartzea beharrezkoa da», nabarmendu zuen. Enpleguaren alorrean EH Bilduk egindako proposamenak zerrendatu ostean, burujabetasuna aldarrikatu zuen Euskal Herriarentzako. «Orain dator independentziarako trena, eta geltoki bakarra izango du Euskal Herrian», ohartarazi zuen.
Independentziaz mintzatu zen Mintegi lehendakarigaia ere. Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak herenegun esandakoen haritik, salatu zuen Espainiako Gobernuak «bere zulo beltzean» sartu nahi duela euskal herritarrek sorturiko «aberastasuna». «Independentzia ez da astakeria. Astakeria da murrizketak inposatzen dizkigun sistema honi eustea». Independentismoari bidea emateko, koaliziorekin bat egitera deitu zituen herritarrak. «Jaurlaritza ez da helburua, tresna baizik Zuek zarete iparra», nabarmendu zuen.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu
«Jazarpena» amaitzeko eskatu die EH Bilduk bi estatuei
Independentziaren bideragarritasuna defendatu du Mintegik, eta «beldur mezuei» erantzuteko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu