ETXE KALERATZEAK

Jende andana elkartu da etxe kaleratzeen aurka protesta egiteko

Elkarretaratze eta manifestaldiak egin dituzte Bilbon, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Tuteran. Bilbon, arratsaldeko deialdiaz gain, protesta egin dute goizean Kutxabanken egoitzaren aurrean. Goizean, 3.000 lagun inguru batu dira Donostian.

2013ko otsailaren 16a
20:52
Entzun

Etxegabetzeen kontrako protesta ugari antolatu dituzte gaurko hainbat hiritan. Donostian, eguerdian abiatu dira Bulebarretik, eta 3.000 pertsona inguru elkartu dira. Besteak beste, "kaleratzeen aurka, herri borroka!" eta "banketxeak hiltzaileak!"  oihukatu dute bertan izandakoek, eta eranstekoak itsatsi dituzte ibilbidean zeuden banketxe ugaritan.

Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Tuteran (Nafarroa) egin dituzte protestak. 18:00etan egin dituzte elkarretaratzeak Bilbon, Tuteran eta Iruñean. Gasteizkoa, berriz, 13:00etan egin dute. Andre Mari Zuriaren plazan batu dira hainbat herritar, eta etxebizitza bat izateko eskubidea aldarrikatu dute.

Gainera, hainbat lagun elkartu dira Bilbon Kutxabanken egoitza nagusiaren aurrean. Gorpu baten irudia marraztu dute lurrean, eta barnean idatzi dituzte azken asteetan etxetik kaleratu behar zituztelako bere buruaz beste egin dutenen izenak. Kaleratzeak eten behar zituela iragarri arren horiekin jarraitzea egotzi diote Kutxabanki.

Iragan asteartean bozkatu zuten Espainiako Kongresuan etxe kaleratzeak eteteko herri ekinaldi legegilea. Tramiterako onartu zuten, PP abstenituta. Orain, presioa egiten jarraitzeko eskatu du Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformak, herri ekinaldi legegilean eginiko proposamenak ez ditzaten alda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.