Herritarrek eta herrietako taldeek egindako lanari esker sortu zen 1990. urtean Euskaldunon Egunkaria. Herritarrek emandakoari esker jaio zen BERRIA, duela hamar urte. Eta, hamargarren urteurrena ospatzeko, herritarrei esker jaialdi arrakastatsua egin dute gaur goizean Hernanin. Herritar askoren babesean, BERRIAren aldeko aldarria ozen entzun da kaxkoan. Herriko 35 taldek baino gehiagok parte hartu dute Kale Buelta Kaxkoan jaian, bakoitzak berea emanez.
Jaialdiaren ekitaldi berezienetakoa tabernen arteko desafioa izan da. Taberna bakoitzeko ordezkari batek, BERRIA eskuan, kaxkoari bueltak eman behar zizkion. Oinez bizkor, baina korrikarik egin gabe, giro ederrean egin dituzte kaxkotik bueltak tabernetako ordezkariek. Nekatzen joan dira batzuk. Eta, azkenean, Deportibo tabernako ordezkariak irabazi du desafioa, 41 buelta eman eta gero. Sarien artean BERRIAko hiru hilabeterako harpidetza jaso du tabernak.
Hernaniko abesbatzek eta dantzariek festan parte hartu dute. Feministek zein presoen aldekoek. Euskaltzalez bete da plaza. Haur ugari ere Plaza Berrira gerturatu dira, eta Porrotx pailazoarekin gozatzera. Neska-mutikoentzat baziren, halaber, tailerrak. Txikiek zein handiek kaxkoko tabernariek prestatutako pintxoak izan dituzte aukeran, eta sagardoa ere ez da falta izan.
Ander Txintxurretak eta Irati Sarasuak egin dute jaiaren kontakizuna oholtza gainean. Joanmari Larrarte Berria Taldeko kontseilari ordezkariak oholtza horretatik eskerrak eman dizkie herritar eta talde guztiei, jaialdian parte hartzeagatik.
Atzo gauean BERRIAren 10. urteurreneko beste ekitaldi bat izan zen Hernanin, Xabier Montoiaren kontzertua.
Gaur, berriz, BERRIAren bira Tafallara (Nafarroa) iritsiko da. Anje Duhaldek kontzertua emango du Kube aretoan, 20:30ean.