Gazte mugimenduak

Jendetza batu da Elorrioko Herriko plazan hasiera emateko Ernairen Gazte Topaguneari

Hiru egunez, mahai inguruak, kontzertuak eta tailerrak egingo dituzte herrian, eta, domekan, Iruñeko Aberri Egunera jotzeko deia egin dute.

Aurtengo Ernairen Gazte Topagunea, Elorrion. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko apirilaren 6a
14:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Jende andana bildu da gaur Elorrioko Herriko plazan (Bizkaia). Horien artean da Ane Alaba Ernaiko bozeramailea; pozik egin die harrera bertan bildutako militanteei. «Ikaragarri pozten gaitu plaza gazte independentista eta borrokalariz beteta ikusteak», esan du. «Lau egunez, gure utopia errealitate bihurtzeko gai garela demostratuko dugu». Alabaren berbetan, «borrokarako indarrak batuta» eta musikarekin, «ikasteko, desikasteko harremantzeko eta elkarrekin gozatzeko» parada izango dute egunotan.

Gaurtik apirilaren 9ra arte antolatu dute Gazte Topagunea. Hiru egunez mahai inguruak, kontzertuak eta tailerrak egingo dituzte Elorrion, eta, domekan, Iruñeko Aberri Egunera jotzeko deia egin dute. Hamar urte bete berri ditu Ernai gazte antolakundeak martxoan, eta topaketen helburua da hamar urte barruko Euskal Herria «imajinatzea eta irudikatzea». Gaurkoan Bizkaiko herrian bildu direnei ere ongi etorria eman die Kattalin Garaizabal Elorrioko Ernaiko kideak. «Gazteak gara, eta gurea da oraina», aldarrikatu du. Dantza batekin itxi dute hitzartzea. Mutil batek egin du saioa oholtzan, eta ehunka gaztek jarraitu diote behetik, eurak ere dantzan.

2002an egin zuten Gazte Topagunea Elorrion (Bizkaia), eta Ernairen hamargarren urteurrenaren kariaz «itzulera berezia» egin nahi izan dute, Alaba bozeramailearen ahotan. Ekitaldiaren nondik norakoez zein hamar urteko ibilbideaz eta erronkez aritu zen Alaba, joan den astean: «Aldaketak eragiteko motorra izateko gaitasuna dugu».

Ikusi gehiago:Iritzia: 'Belaunaldi oso bat Topagunera!'

Abestia ere egin dute aurtengo Gazte Topaguneetarako: «Nahi genuen abestia orain arteko bidearen aitortza bat izatea». Josune Arakistain Sune Huntzako kideak jarri du ahotsa —otsailan iragarri zuen taldeak bere ibilbidea amaitutzat emango zuela—; Moonshine Wagon Gasteizko taldeak, musika; eta, Leire Vargasek, hitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.