'Manu Azkarateren auzia'

Jendetza bildu da Manu Azkarate preso tolosarraren askatasuna eskatzeko Donostiako kaleetan

Jende andana bildu da Donostiako kaleetan Manu Azkarate preso tolosarraren askatasuna eskatzeko. 'Mendeku eta gorroto politikari ez! Manu etxera!' eta 'Etxean eta bizirik behar ditugu!' dioten bi pankartek irekitzen dute manifestazioa. Egindakoa "injustizia" dela eta Azkarateren askatasuna eskatzera bildu dela jendea esan du Ixiar Arratibelek –Azkarateren neska-lagunak– Euskadi irratian. "Egin den horren kontra adierazpen bat da, esateko egin dena injustizia bat dela, mendekua ere bai. Aske egon diren presoen kontra hasi dira, eta horri aurre egin behar zaio. Mesedez, Manu aske utzi!". Giza eragile askok egin dute bat deialdiarekin, eta Etxerateko kideekin batera, gehiengo sindikaleko ordezkariek eta Azkarateren senideek irekitzen dute manifestazioa. Arratsaldeko 18:00etan Okendo plazara iristen ari zen burua, eta etorbide guztia jendez beterik zegoen.

2004ko otsailaren 7a
18:13
Entzun
Euskal gizarteko alderdi, sindikatu eta eragile sozial ugariren babesa izango du gaur arratsaldeko 17:30ean Manu Azkarate preso tolosarra askatzeko eskatuz Donostiako Bulebarretik irten den manifestazioak. Manifestaziorako deia Etxerat elkarteak egin du. Batasuna, Aralar eta EAE-ANV alderdiek, ELA, LAB, ESK, EHNE, Hiru, STEE eta CCOO sindikatuek, eta Askatasuna, Elkarri eta Esait giza erakundeek bat egin dute gaurko mobilizazioarekin.

Batasunak dio «gezurrezko argudioekin» sartu dutela Azkarate kartzelan, eta haren askatasuna «exijitu» dute. Hala, euskal gizarteari gaurko manifestazioan eta Azkarateren alde egiten diren beste ekimen guztietan parte hartzeko deia egin du Batasunak. Elkarrik ere bere parte hartzea iragarri du, eta hedabideetara igorritako prentsa oharrean «kezka» agertu du Azkarateren egoera dela-eta. «Giza eskubide guztien defentsa mugimendu honen izateko arrazoi nagusietako bat da, eta Azkarateren oinarrizko eskubideen urraketa dela-eta, manifestazioan parte hartzera deitzen dugu». ESAITek «Azkarateri eta gaixorik dauden euskal preso guztiei elkartasuna» helarazi eta manifestazioan parte hartzeko eskatu zuen.

Askatasunak Azkarate aske uzteko exijitu, eta «mendekuan eta gorrotoan oinarritutako erabaki judiziala» arbuiatu du: «Azkarateren atxiloketarekin agerian gelditu da euskal preso politikoei tratamendu berezia ematen zaiela espetxean; espetxe politika kriminala aplikatzen zaiela».

Aralarrek ere manifestaziora deitu du, eta han izango dela ziurtatu du. Aralarri «oso larria» iruditzen zaio 1992an gaixotasun sendaezin bat izateagatik aske utzitako preso bat berriro ere espetxean sartzea, eta «berehala aske uzteko» eskatu du. «Horrelako erabakiek ez diote onik egiten dugun gatazka politikoari. Alderantziz, hura elikatu besterik ez dute egiten. Jarrera horrek, bestalde, epaileek PPren mendeku politika babesten eta laguntzen dutela erakusten du», dio Aralarrak.

EAE-ANVren arabera, «Espainiako Estatuak, bere inpunitatea baliatuta, berriro ere mendekua hartu du euskal herritar baten kontra». «Preso politikoak presio tresna gisa erabiltzea» gaitzetsi du EAE-ANVk; eta Azkarate askatzeko exijitu eta Etxerat-ek deitutako manifestazioaren aldeko atxikimendua azaldu du

Sindikatuek manifestaziora joateko deia egin dute

ELA, LAB, ESK, EHNE, Hiru, ESTEE eta CCOO sindikatuek bat egin dute Manu Azkarate askatzeko eskatzekoDonostian Etxerat-ek deituta egingo den manifestazioarekin, eta bertara joateko deia egin dute. «Gehiengo sindikalak euskal gizarteari mobilizatzeko deia egiten dio, Azkarateren askatasuna eskatzeko eta horrekin batera, baita gaixotasun sendaezina duten beste presoena ere», esan zuen Mikel Intxausti ELAko ordezkariak, sindikatu guztiek adostutako idatzia helarazi zuenean.

«Espetxe politika harrokeriaz erabiliz presoen bizia arriskuan jartzen duen botere politikoari» erantzutera deitu zuten gizartea. Eta botere publikoei eskatu zieten presoen eskubideak errespetatzeko neurriak hartzeko.

Halaber, sakabanaketa politika salatu zuten preso eta senideentzat zigor gehigarria dela esanez, eta presoei oinarrizko giza eskubideak bermatzeko behar diren neurriak hartzeko eskatu zuten.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.