Krisia NAFARROAKO GOBERNUAN

Jimenez: "Egun gutxi barru erabakiko dugu zentsura mozioa aurkeztu edo ez"

Zuhur jokatu behar dela dio PSNko buruak, bihar ikerketa batzordeak emango dituen ondorioen zain. Zenbait hedabidek diote PSOEk zentsura mozioa ez aurkeztea erabaki duela jada, eta Goikoetxearen dimisioa eskatuko duela, gaitzespen batekin batera.

Roman Felones eta Roberto Jimenez, PSNkoak, gaur. JESUS DIGES, EFE
jon ordonez garmendia
2014ko otsailaren 27a
08:04
Entzun

Azken orduetan geroz eta gehiago dira Nafarroan zentsura moziorik izango ez dela diotenak. El Mundo egunkariak gaur argitaratu duenez, PSOEren zuzendaritzak atzo erabaki zuen Nafarroan zentsura moziorik ez aurkeztea. Zurrumurru horien aurrean, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak zuhur jokatzeko eskatu du. Gaineratu du bihar, ikerketa batzordearen ondorioak entzun ostean, PSNk zuzendaritza bilera batera deituko duela ostiralean edo larunbatean. "Ez da aste batzuetako kontua izango, egun batzuetakoa baizik".

Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak bihar emango ditu bere ondorioak. Jimenezek dio horien zain egon behar dela Idoia Nievesen salaketak baieztatzen diren jakiteko. Antonio Hernando PSOEko erkidegoetako politika buruak ere esan du ondorioen ostean hartuko dutela erabakia, eta gaineratu du Lourdes Goikoetxea Ogasun kontseilariak ez lukeela jarraitu behar karguan.

El Mundo-k gaineratu duenez, PSOEk Goikoetxearen dimisioa eta Barcinaren gobernuaren gaitzespena bultza ditzake, baina ez Barcinaren dimisioa. Agidanez, Europako hauteskundeetako emaitzetan Nafarroako egoera politikoak eta PSNk izan ditzaketen aliantzak kezkatzen ditu Madrilen sozialistak. Europako hauteskundeak maiatzaren 25ean izango dira.

"Zentsura mozioa izango ez dela diotenek kristalezko bola izango dute", adierazi du Jimenezek.

"Nafarroak ezin du horrela jarraitu"

Jimenezen hitzetan, ordea, "Nafarroak ezin du horrela jarraitu; ezin du gutxiengoan dagoen gobernu bat izan, mundu guztiarekin haserre". Gaineratu du "orain dela hilabeteak" behar zutela beste legealdi batean egon, "ikerketa batzordeak esaten duena esaten duelarik ere". Iaz, ordea, PSNk ez zuen babestu EHBilduk Barcinaren kontra aurkeztu zuen zentsura mozioa, eta presidenteak karguan jarraitzea ahalbidetu zuen. 

Jimenezek erakutsi duen jarreraren aurrean, azken orduetan PSOEk PSNko idazkari nagusia kargutik bota dezakeela dioen zurrumurrua ere zabaldu da. Hernando PSOEkoak, ordea, hori gezurtatu du, baina modu nahiko arinean. "Nik dakidala hori ez da horrela", adierazi du horrek gaur goizean Espainiako telebistan egin dioten elkarriketan. Gaineratu du PSNn egiten ari diren lana errespetatzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.