Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia ez da izango PSNren hautagaia 2015eko udal eta foru hauteskundeetan. Hala jakinarazi du gaur, Europako Parlamentuko hauteskundeetako emaitzen inguruan balorazioa egiteko agerraldian. Baina balorazioaz harago mintzatu da Jimenez.
PSNri proposatu dio hauteskunde primario prozesu bat abiatzea udal bozetarako hautagaia aukeratzeko, eta, horrekin batera, PSNk ezohiko kongresu bat egitea, zuzendaritza berri bat izendatzeko. Jimenez ez da aurkeztuko ez hauteskundeetara eta ezta PSNko idazkaritzara ere, eta 2014a amaitu aurretik bukatuko dituzte bi prozesuak. Ez du eperik zehaztu, PSOEk uztailaren 19-20an egingo duen ezohiko kongresuak baldintzatuko baititu datak.
"Gaur hitz egiteko gogoz etorri naiz". Jimenezek hala iragarri du ondoren esatera zihoana. Aitortu du Nafarroako Gobernuan sartzea PSOEko zuzendaritzak agindu ziola eta berak "zalantza handiak" izan zituela horren aurrean. Alderdiarekiko "leialtasunagatik" eta "Nafarroarekiko arduragatik" onartu zuen agindua. Jimenezek aitortu du sarri "PSOEko militante" gisa jokatu duela eta "batzuetan gogoz kontra" aginduak bete dituela.
Martxoaren 2an, erabakita
Martxoaren 2an jakin zuen zentsura mozioa ez zela aurkeztuko, eta egun horretan erabaki zuen PSNko idazkaritzara eta Nafarroako presidentzara berriro ez aurkeztea. Ferrazekin hitzartu zuen Europako hauteskundeak igaro arte jarraitzea karguan, alderdiari bozetan kalte ez egiteko. UPN gobernuan mantentzea "izugarrikeria" iruditzen zaiola esan du gaur.
PSOEk, baina, martxoaren 5eko gauean jakinarazi zuen ez zuela Yolanda Barcinaren gobernuaren kontra zentsura mozioa aurkezteko asmorik.
"Oso emaitza txarrak izan dira"
Gogor mintzatu da Jimenez PSOEren eta PSNren emaitzen inguruan: "PSOEk eta PSNk bizkarra eman diegu hautesle progresistei". Esan du ez dakiela neurtzen UPNren kontrako zentsura mozioa ez aurkeztu izanak atzoko emaitzetan izan duen eragina, "baina ziur ez duela lagundu". Nolanahi ere, PSOEren beherakada Katalunian eta Euskal Herrian Espainian baino handiagoa izan dela nabarmendu du.