INDARKERIA MATXISTA

Joan den astean hilik agertu zen emakume baten bikotekidea atxilotu dute

Ertzaintzak jakinarazi du emakumeak salaketak jarriak zituela indarkeria matxistagatik baina, urruntze agindurik ez zuenez, elkarrekin bizi zirela. Aranzazu Palacios Izquierdo indarkeria matxistaren ondorioz aurten hildako zazpigarren emakumea da.

Elkarretaratzea Gasteizen, ekainean, emakume baten hilketa salatzeko. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko uztailaren 30a
11:41
Entzun

Ostiral arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak gizonezko bat, hilda agertu zen emakumearen hilketarekin zerikusia izan dezakeelakoan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Bilboko herritar batek larrialdi zerbitzuetara hots egin zuen joan den larunbatean, 10:45 aldera, esanaz etxeko sofan aurkitu zuela etzanda, geldirik. Bertara joan ziren osasun zerbitzuak, baina emakumearen heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin. 51 urte zituen.

Bertara joan ziren ertzainek ikusi zuten gorpuak ubelduak zituela, eta odol arrastoak ahoan. Lurrean ere odol aztarnak zeuden. Horren berri eman zioten Bilboko auzitegi bati, eta auzitegi medikuntzako zerbitzura eraman zuten gorpua. Autopsiak ebatzi du indarkeriaz hil zela andrea.

Ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak. Atxilotua andrearen bikotekidea da, eta biktimak salaketak jarri zizkion genero indarkeriagatik. Gizonak 49 urte ditu, eta beste sei aldiz atxilotu dute; horietako batean, hildako emakumea jotzeagatik. 2007ra arte urruntze agindua ezarri zioten, baina agindua kendu ziotenetik biktimak ez zuen salaketa gehiago aurkeztu.

Indarkeria matxistak hildako zazpigarren emakumea da Bilbokoa. Ekainean izan ziren azken hilketak: gizon batek bikotekidea eta bi alaba hil zituen Angelun, eta beste gizonezko batek andre bat hil zuen Gasteizen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.