Joan deneko 10 urteko sute handiena Arasen: mila hektarea erre dira

Zehaztu dutenez, eremu hori hartu arren, erretako lurrak gutxiago dira; garrek amildegi batetik beste batera salto egin duteSua kontrolpean hartu dute, eta alerta lehen mailara jaitsi du Nafarroako Gobernuak

Joan deneko 10 urteko sute handiena Arasen: mila hektarea erre dira.
jon olano
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Mila hektarea inguru kiskali ditu Lizarrerrian, Aras eta Bargota artean, herenegun gertatutako suteak; Euskal Herrian azken hamarkadan izandako suterik handiena izan da. Adibiderako, Oriok (Gipuzkoa) hartzen duen azalera osoaren adina lur erre dira. Nafarroako Gobernuko ingurumen teknikariek, baina, zehaztu dutemila hektarea baino gutxiago direla suak erre dituen eremuak; izan ere, suak salto egin du amildegi batetik bestera, lurrari kalte egin gabe.

Atzo 14:30 aldera sua menpean hartzea lortu zuten larrialdi zerbitzuek, baina, badaezpada ere, alerta bigarren mailan mantendu zuen atzoko egunean zehar Nafarroako Gobernuak. Iluntzean, ordea, jaitsi egin zuen alerta, lehen mailara. Sutea herenegun goizaldean hartu zuten kontrolpean suhiltzaileek, nahiz eta eremu batzuetan ez itzali. Lantalde handiak hartu zuen parte suari aurre egiteko lanetan; herrialde horretako suhiltzaileez gain, zazpi hegazkin, Espainiako Armadako 50 soldadu, Arabako eta Errioxako (Espainia) suhiltzaile talde bana, DYA eta Gurutze Gorria aritu ziren goizean lanean. Orotara, 185 pertsona eta 80 ibilgailu. Yolanda Barcinaren gobernuak iragarria zuen Espainiako soldaduak erretiratzerakoan jaitsiko zuela alerta lehen mailara, eta atzo iluntzean egin zuen hori. Lurrak ureztatzen jarraitu zuten atzo, surik berriro pitz ez dadin.

Herenegun arratsaldean piztu zen sua, Arastik gertu. Haizetea zegoen, eta horrek lagundu zuen sua azkar eta bi norabidetan zabaltzen. Elizagorrirantz zabaldu zen alde batetik, eta Bargotara bestetik. Elizagorriko norabidean, balio ekologiko handiko pinudi bat erre zen. Bargotarakoan, berriz, mahastiak eta laborantzarako lurrak izan ziren kalte gehien izan zutenak. Arastik gertu piztu zen sua, eta etxe bateko atariraino iritsi zen. Hortaz, aurreneko lana izan zuten herria babestu eta herrigunea babestea. Arasko biztanleak herritik ateratzekotan izan ziren hasieran, baina, sua herrigunera ez ailegatzea lortu zutelarik, ez zuten horrelako neurririk hartubehar izan.

Bargotara iristeko ere gutxi falta izan zitzaien garrei. Arratsaldeko seiak aldera, herriko igerilekua jendez hustu behar izan zuten, larrialdi zerbitzuek handik har zezaten sutea amatatzeko beharrezkoa zuten ura. 19:30 aldera, herritik gertu egon zen sua, baina herritarrek hainbat suebaki egin zituzten lurrean, garrei bidea mozteko. Herrigunea babestea lortu zuten, baina hainbat pinudi eta mahasti kiskalita geratu ziren inguruan.

Halaber, NA-1110 errepidea ere hartu zuen suak 64 eta 75 kilometroen artean, eta zati hori itxi egin zuen Guardia Zibilak. Atzo ireki zuten berriro, arratsaldeko zortzietan. Sutea zer dela-eta piztu zen ikertzen ari da Polizia.

Laugarrena astebetean

Araskoarekin, lau sute piztu dira astebetean, eta Nafarroan izan dira gehienak. Gaur zortzi, Soraurenen (Ezkarbarte, Nafarroa) gertatu zen sutea, eta hamalau hektarea kiskali ziren. Basoan piztu zen sua, eta ketza handia sortu zen; Iruñetik ere ikusi zuten. Hiruko eskalan bigarren mailakotzat jo zuen Nafarroako Gobernuak, eta joan den asteartean itzali zuten erabat.

Ostiralean, berriz, bi sute piztu ziren: Ulia mendian (Pasaia, Gipuzkoa) eta Irurtzunen (Nafarroa). Ulian bi gune ezberdinetan sortu zen sua ia une berean, 15:15 aldera, eta iluntzerako mendean hartu zuten suhiltzaileek. Ipar haizea sartu zen arratsean,eta horrek moteldu zuen sua. Hamar hektarea erre ziren. Irurtzungoa A-15 autobidearenezkerraldeko haitz batean piztu zen, Donostiarako bidean. Sutearen hedadura txikia zen arren, Soraurenen lanean ari ziren hegazkin batzuek itzaltzen lagundu zuten. Horrez gain, Lodosako suhiltzaileak ere aritu ziren bertan lanean, eta hegazkinek alde egin zutenean bertan gelditu ziren sua berriz ez zela piztuko ziurtatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.