«Jokabide matxistari» egotzi diote Bilboko 21 urteko gizonaren hilketa

Biktimaren bikotekidearen senar ohiaren bila segitzen du Ertzaintzak, hark hil zuelakoan

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Larunbat gauean Bilbon 21 urteko gizon gaztea ustez hil zuen pertsonaren bila jarraitzen du Ertzaintzak. Zehazki, hildakoaren bikotekidearen senar ohia atxilotu nahi du Poliziak; 36 urteko gizonezkoa bilatzen ar dira, eta ihes eginda dago. Harreman horren haritik, Eusko Jaurlaritzak genero indarkeriarekin lotu du hilketa, «zeloek sortutako jokabide matxistek» eragin dutelakoan. Aurten, hiru emakume hil dira Euskal Herrian andreen aurkako bortizkeriaren ondorioz.

23:00etan gertatu zen erasoa, larunbatean, Bilboko San Frantzisko auzoan. Bizilagun batek ohartarazita, biktimaren etxera jo zuten ertzainek eta udaltzainek, eta labanaz larri zaurituta aurkitu zuten gaztea, atariko eskaileretan. Osasun zerbitzuek ezin izan zuten suspertu, eta bertan zendu zen. Etxean zegoen biktimaren anaia, eta hura ere artatu zuten, zauri arinak ez ezik, nerbio krisi bat ere izan baitzuen. Bizitokian zen, era berean, hildakoaren bikotekidearen alaba, 7 urtekoa; auzotar baten etxean geratu zen.

Ikerketaren lehen hariek hildako gaztearen bikotekidearen senarrarengana eraman zuten; banatzeko prozesuan daude ustezko hiltzailea eta hildakoaren bikotekidea; hipotesi horri eutsi dio Ertzaintzak orain arte. 36 urteko gizonezkoaren bila segitzen dute, baina, atzo arratsean, lerro hauek idazteko orduan, ez zegoen ustezko erasotzailearen berririk.

Genero indarkeriari lotuta

Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzak irmoki gaitzetsi du gaztearen hilketa. Andreen aurkako indarkeriaren adierazgarri jo ditu «zeloak, kontrola eta hertsatzea». Horien arabera jokatzen duten gizonek uste dute andreak euren mende daudela eta haien bizimoduak kontrola ditzaketela, Mariola Serrano zuzendariaren hitzetan: «Kontrol hori andreengan egiten dute, baina, batzuetan, andreen ingurukoen aurka ere jotzen dute,;adibidez, seme-alaben edo bikotekideen kontra». Hortaz, «jokabide matxista eta patriarkal» horiek desagerrarazteko deia egin du.

Jaurlaritza ez da bakarra izan larunbateko hilketa genero indarkeriarekin lotzen. Astelehen Lilak egitasmoaren barruan, 21 urteko gaztearen hilketa salatu zuten atzo Iruñean, bortizkeria sexistaren aurka egindako elkarretaratzean. Hildakoaren etxean ere kartelak jarri zituzten igandean: Berriz maitatzeko eskubidea dugu denok, inork gu hil gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.