Poliziak Jokin Aranalde iheslaria (Gaztelu, Gipuzkoa, 1946) eta Beñat Atorrasagati (Donostia, 1976) atxilotu ditu gaur. Heletan (Nafarroa Beherea) atzeman dute Aranalde, eta Urruñan (Lapurdi) Atorrasagasti. Polizia Aranalderen bila ari zen, eta gaur atzeman dute, ezohiko kontrol batean. Iheslarien kolektiboak izendatutako mintzaide taldeko kide da Aranalde. Urrats historikotzat jo zuten mintzaidetza izendatzea.
Miarritzen ekainaren 15ean iheslariei babesa adierazteko egin zuten ekitaldian hartu zuen parte Aranaldek. Egun batzuk lehenago, BERRIArekin aritu zen solasean (bideoa), bere testigantza emanez.
Euroagindua bere aurka
Espainiako Barne Ministerioaren arabera, euroagindu eskaera baten ondotik atxilotu dute. Frantziako auzi poliziak eta Espainiako Poliziak hartu dute parte. Miarritzeko ekitaldian parte hartu zuten iheslarietatik euroagindu eskaera duen bakarra da, horien arabera.
2002ko martxoaren 30ean atxilotu zuten Tolosan, Baltasar Garzon epailearen aginduz, Batasuneko militante zela. 12.000 euroko bermea ordainduta utzi zuten aske.
"2002an atxiloketa batzuk izan ziren gure herrian, eta hori dela-eta berriz ere atxilotua izan nintzen. Torturatua izan nintzen, bortizki torturatua, eta atera nintzen 12.000 euro ordainduta. Handik lau hilabetera berriz etorri ziren ene xeka. Eta pentsatu nuen Iparraldera etortzea egoera horri ihes egiteko nolabait".
2004an joan zen Ipar Euskal Herrira. Gaur egun bizitza publikoa egin zuen. Ibarran elkarretaratzea egingo dute, gaur, 19:30ean, atxiloketa salatzeko.
Atorrasagasti ere atxilo
Atorrasagasti (Lesaka, Nafarroa) iazko uztailean atxilotu zuten, Edinburgon, Eskozian. 1996. eta 2001. urteen artean ETArentzat garraio lanak egitea egozten zioten. Frantziako epaitegien esku utzi zuten urtarrilean, eta aske utzi zuten otsailean.
ETAkoa izatea egotzita, hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion Parisko Auzitegi Naugusiak, baina ez zuten kartzelatu. Auzitegiko presidente Laurent Raviotek "gertakariak zaharrak izatea" eta haren "egoeraren bilakera" kontuan izan zituen erabakia hartzeko garaian.
Aranalderen eta Atorrasagastiren atxiloketak salatzeko elkarretaratzera deitu dute gaurko 19:00etarako, Hendaiako kasino zaharrean.