Greziak eta haren hartzekodunek herrialde haren finantzaketari buruz akordio bat lortzeko azken epea —ekainaren 30ean amaitzen da bigarren erreskatearen luzapena— gerturatzen ari da eta harekin batera ultimatumen garaia iristen ari da. Ofizialki inork ez du jendaurrean esan Greziak eskaini dioten akordioa (edo haren oso antzeko bat) onartu behar duela, baina azken orduetako keinuek eta esanek iradoki dute troikak pazientzia galdu duela Alexis Tsiprasen negoziazio estiloarekin.
Keinu indartsuena Nazioarteko Diru Funtsak egin du: hasieran jakinarazi du troikaren ('erakundeak', oraingo hizkeran) barruan duen negoziatzaile taldeak Brusela utzi duela eta negoziatzaileak beren etxeetara itzuli direla. "Arlo gehienetan desadostasun handiegiak daude geure artean. Azkenaldian ez da aurrerakuntza handirik izan”, azaldu du Gerry Rice NDFko bozeramaileak, Washingtonen. Greziako Gobernuarekin ez ezik, troikaren beste erakundeekin (Europako Batasuna eta Europako Banku Zentrala) ere ez direla ados jartzen ez du argitu Ricek, baina hori hala dela diote Atenasko iturriek.
Riceren hitzetan, desadostasunak betikoak dira, hala nola, murriztu beharreko pentsioak, igo beharreko zergak eta barkatu beharreko zorrak. Baldin eta azkenean akordioa badago eta Greziak hurrengo bizpahiru urteetarako finantzaketa ziurtatuko liokeen hirugarren erreskatea izanez gero, litekeena da NDFk ez parte hartzea.
Edonola ere, Ricek zehaztu nahi izan du NDFk ez dituela negoziazioak amaitutzat jo. “NDF ez da inoiz negoziazio mahai batetik altxatzen”.
Tusken oharra
NDFko funtzionarioak Greziaren bizkar jarri du negoziazioak aurrera egiteko ardura —“pilota Greziaren zelaian dago”—, eta berdin egin dute Europako Batasuneko goi arduradunek ere. Ohi baino irmoago eta argiago hitz egin du Donald Tuskek, Europako Kontseiluko presidenteak: “Ez dago lekurik jokoetarako, ez dago denbora jokoetarako. Zoritxarrez, norbaitek jokoa amaitu dela esango duen eguna iristen ari da”. Tusken arabera, proposatutakoa onartzen duen ala ez esateko ordua iritsi zaio Greziako Gobernuari. “Erabakiak behar ditugu, ez negoziazioak”.
Hainbat astez eta hilabetez ez aurrera ez atzera ibili ondoren, troikaren eta Greziako ordezkarien arteko hartu-emanak ugaritu egin dira azken asteotan. Joan den astean akordiorako proposamen bat landu zuten Angela Merkelek eta François Hollandek, eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen bidez aurkeztu zioten Tsiprasi. Kontraproposamen batzuekin erantzun zuen Greziako lehen ministro ezkertiarrak, baina berehala baztertu zuten Bruselan.
Giroa are gehiago gaiztotu zen ostiralean, Greziako Legebiltzarrean Tsiprasek hitz gogorrak baliatu baitzituen proposatu ziotena kritikatzeko. Agerraldi horrek bereziki haserretu zuen Juncker, eta gogorarazi zion bera izan dela Greziarekin bigun jokatzearen defendatzaile nagusia. Gaur berriro bildu dira Tsipras eta Juncker, Bruselan. Harreman pertsonala “berriro osatu” dutela adierazi dute, baina bi orduko bilera akordiorik gabe amaitu da.
Pentsioei eta lan erreformari buruzko desadostasunak dituzte bi aldeek. Troikak gehiago txikitu nahi ditu pentsioak, oraingoak jasangaitzak direla argudiatuta. Tsipras, berriz, prest azaldu da erretiro aurreratuak mugatzeko, baina ez du pentsioen zenbatekoa txikitu nahi, pentsiodunek (eta gainontzeko greziarrek) dagoeneko nahiko ahalegin egin dutelako. Lan merkatua gehiago malgutzeari uko egiten diote Atenasko agintariek. Kontrakoa egin nahi dute, negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratu. Zorraren berregituratzeari buruz ere ez dira ados jartzen: gaiari orain heldu nahi dio Tsiprasek, Greziaren zor erraldoia (BPGren %170etik gora) ordainezina delakoan. Zor horren zatirik handiena euroguneko beste kideekin du Greziak, eta horregatik ez dute Berlinen eta beste hiriburuetan horri buruz hitz egin nahi. Are gutxiago bigarren erreskatearen amaiera lotu, eta Greziak oraindik jasotzeke dituen 7.200 milioi euroak banatzeko baldintzak adostu aurretik.
Azken orduetako bilakaera gaiztoaren aurretik giro baikorra zabaltzen aritu ziren EBko arduradun batzuk, datorren asterako akordioa posible zela aurreratuta. Gauzak asko erraztuko lituzke horrek, denbora emango liekelako herrialde batzuetako parlamentuei akordioa berresteko.