Zerrenda amaigabea da: ingelesa, musika, futbola, dantza, informatika... Eskolatik irtendakoan ere zeregin mordoa daukate ikasleek gaur egunean. Etxeko lanek estudianteei eragiten dieten estresaz kexatu dira Frantziako gurasoen elkarteak, baina eskolaz kanpoko ekintzen zama ez da txikiagoa. «Erabat programatuta daukagu haurren bizitza: oso gogorra da hori, eta ondorio arriskutsuak ditu». Hausnartzeko eskatu du Itziar Bartolome psikologoak: «Jar gaitezen umeen larruan».
Azken urteetan izugarri handitu da eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzen dutenen kopurua. «Iruditzen zaigu denetik egiten jakin behar dugula, batez ere informatikan eta hizkuntzetan. Badirudi hori dela modu bat bizitzan hobeto prestatzeko». Aisiari lotutako ekintzak ere zabaltzen ari dira, baina beste era batean: «Izena ematen dute, baina ez dute hizkuntzek eta informatikak adinako garrantzia. Gustuko dituztelako joaten dira ikasleak gehiago». Ume koskorrak joan izan dira era horretako ekintzetara, baina hori aldatzen ari dela ohartarazi du Bartolomek. «Gero eta txikiagoak doaz: 5 urteko ume bat, goiza eta arratsaldea eskolan igaro ondoren, askaldu, eta badoa horra».
Gurasoen egoeraren antza du haurrenak: lanean ordu gehiago pasatzen dituzte, eta umeek ere egon behar dute nonbait. «Haurrari jolasean libre uztea denbora galtzea dela dirudi gizarte honetan. Gurasoek nahiago dute probetxuzko zerbait egitea umeek».
Familia eta lana uztartu ahal izateko neurriak bultzatu dituzte azken urteetan. Bartolomek ez du uste, ordea, umeak oso kontuan dituztenik: «Haurtzaindegiak 07:30ean zabaltzearen alde egin dute. Lanpostuak agintzen du, eta hori ardatz hartuta egituratzen da gure bizitza». Goizean goiz hasten dute jarduna haurrek, eskolan orduak pasatzen dituzte, eta, ondoren, beste ekintza batzuetara bidaltzen dituzte.
«Beharra bihurtu da»
Kalea da egoera horren ispilua. Bartolome: «Ume kuadrillak lantzean behin ikusten ditugu plazetan eta leku jakin batzuetan, baina lehen kuadrilla handiagoak ginen. Kontuz, guk ere bagenituen eskolaz kanpoko ekintzak, baina bat zuen bakoitzak; gaur egun, gauza pila bat daukate umeek». Gogoz kontra joaten dira asko. Hori ikusten du Bartolomek egunero, umeekin lanean ari delarik. «Gure garaian, gozamenagatik ematen genuen izena. Gaur egun, beharra bihurtu da; gurasoek bultzatuta edo ia derrigortuta hartzen dituzte ekintza horiek. Eta, noski, derrigortuta baldin badoaz, ez dute ezer ere ikasiko».
Jolaserako ez dago astirik. «Eta berebiziko garrantzia du jolasak. Enpresa handiek ere erabiltzen dituzte langileentzat», adierazi du psikologoak. Beldur da, gainera, haurrak ez ote diren ari jolasteko sena aldatzen ari. «Ni hori ari naiz ikusten jolastokian. 'Aspertuta nago', esaten didate umeek. Erabat estimulatuta ez badaude edo zer egin agintzen duen nagusirik ez badago, badirudi euren kabuz jolasteko joera desagertzen ari zaiela. Arriskutsua da».
Hausnarketa egiteko eskatu du Bartolomek. «Gaia oso larria da. Azken finean, umeen eskubideei buruz ari gara. Ez da jende asko mintzo horri buruz, baina egungo planteamendua oso larria da». Haurrek aisia eta jolasa ezinbesteko tresna dituztela nabarmendu du, eta ariketa bat proposatu die aita-amei: «Jarri umearen lekuan. Pentsa gurasoei lantokiko nagusiak esango balie lanetik atera eta egunero ekintzaren batera joateko. Zer egingo lukete?».
Jolastea ez da ageri agendan
Etxeko lanen aurka egin dute lanuztea Frantzian, baina ikasleei iritsi ezina eragiten die eskolatik kanpo daukaten ekintza mordoak ere. Agendak beteak dituzte umeek; ez dute jolaserako astirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu