euskal presoak

Jon Enparantza presoa "muturreko" eran bakarturik daukatela ohartarazi dute

Sinadurak bilduko dituzte Donostiako Antiguan, eta gero Jose Luis de Castro Espaniako Espetxe Zaintzarako epaileari, Donostiako Udalari eta EAEko arartekoari helaraziko dizkiete.

Gaur Donostian emandako prentsaurrekoa. Mahaian ezkerrean, Jon Enparantza presoaren emazte Maider Alustiza. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PREST
enekoitz esnaola
2014ko urriaren 29a
07:34
Entzun

Jon Enparantza euskal presoa oso egoera gogorrean dagoela salatu dute gaur Donostiako Antigua auzoko hainbat eragile eta herritarrek, "muturreko eran bakarturik baitaukate". Euskal presoen abokatua aurtengo urtarrilaren 8an atxilotu zuten, ETArekin lotura zuelakoan. Hasieran Segoviako espetxean (Espainia) eduki zuten, eta duela lau hilabetetik Navalcarneron daukate, Madrilen, Euskal Herritik 485 kilometrora; "bietan bakarrik, guztiz bakarturik".

"Zigor moduan isiltasuna ezarri diote", esan dute prentsaurrekoan. Ziegatik ateratzeko "miaketa zorrotza" egiten diote eta haren ziega egunero miatzen dute. "Bakartzea euskal presoen borondatea suntsitzeko neurri bat da".

Agerraldian izan da presoaren emazte Maider Alustiza. Bost ume dituzte, eta Enparantzak bisita bakoitzeko gehienez hiru ume ikus ditzake. Alustizak adierazi du hura "oso indartsu" dagoela, baina emaztea beldur da bakartzeak zer ondorio inzago dituen.

Arantza Zulueta abokatua ere bakartze egoeran daukatela gogoratu dute. "Muturreko egoeran dauden bi euskal preso bakarrak dira. Argi dago mendekua dela. Espainiak ez du espetxe legedia errespetatzen. Nazioarteko erakundeen arabera, inor bakartzera eta isiltasunera kondenatzea onartezina da, tortura modu bat delako". 

Enparantza Euskal Herritik gertuen dagoen kartzela batera eramateko eta hari dagozkion eskubide guztiak errespetatzeko eskatu dute idatzi batean.

Antiguako Jai Batzordea, Talde Feminista, AntiguaOtarrak, Zero Zabor taldea, Sortu, Etxerat, Ernai, Presoen Sustengu Taldea, AEK-ko irakasleak, Filibusteroak Kofradia, Antiguako Gazte Asanblada, Pilota eskola, Doka Kafe Antzokia, Antiguoko Futbol taldea, Antiguotarrak dantza taldea eta Antiguotarrak elkartea gaur aurkeztu duten idatziaren sinatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.