LAB sindikatuaren sorreran zein HBrenean parte hartu zuen Idigorasek. Urte askotan, ezker abertzaleko buruzagi ezagunenetakoa izan zen, eta koalizioaren legebiltzarkide Eusko Legebiltzarrean zein diputatu Espainiako Kongresuan. Lapurdin gordeta ere egon behar izan zuen errepresioaren ondorioz.
1989an HBren Espainiako Kongresuko diputatuei Madrilgo Alcala Hotelean tiroka eraso eta Josu Muguruza hil zutenean Jon Idigoras bertan zen.
Biriketatik gaixorik zegoen Jon Idigoras aspaldian. Orain bi aste Deustuko (Bilbo) erietxe batetara eraman zuten eta azken bi asteak han pasatu ditu. Gaur, goizean hil da 11:45 inguruan, 69 urterekin. Bere familiakoak ondoan zituen azken hatsa eman duenean.
Barakaldoko Tanatorioan
Gorpua Barakaldoko Tanatoriora eraman dute, eta han azken agurra emateko aukera dago. Gaur 22:00ak arte egongo da zabalik eta bihar eguerdiko 12:00ak arte. Igandean, berriz, omenaldia egingo diote Zornotzan.
Heriotza
Jon Idigoras ezker abertzaleko buruzagi historikoa hil da
Jon Idigoras (Zornotza, 1936- Bilbo, 2005) ezker abertzaleko buruzagi historikoa hil da. Aspaldian biriketatik gaixorik zegoen Idigoras. Gaur goizeko 11:45ak aldean hil da Deustuko San Sebastian erietxean (Bilbo). HBko buruzagitzako kide eta bozeramaile izan zen urte askoan. Gazte-gaztetan hartu zuen konpromisoa langile munduarekin eta abertzaletasunarekin. Hainbat aldiz eduki zuten espetxean: aurrenekoz 1958an, soldadutzan zela, EGIko propagandarekin harrapatu zutenean. Azkenekoz, 1996an HBko Mahai Nazionala kartzelan sartu zutenean. Igandean omenaldia egingo diote Zornotza jaioterrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu