Bilboko Aste Nagusiaren irudia izango dira Artola eta Iturregi. Marijaiarekin batera, festei hasiera emango diote Arriaga antzokiko balkoian abuztuaren 17an, 19:00etan.
Arazoak alde batera utzi, eta festaz gozatzeko deia egin die Artolak Bilboko herritarrei: “Jai hauek parte hartzeko eta ondo pasatzeko dira. Denok dauzkagu arazoak, lan arlokoak edota sozialak, baina, jaiak disfrutatzeko dira”. Egungo jai eredua mantentzeko lanean jarraitu behar dela adierazi, eta gogora ekarri du Marijaia sortzea “asko kostatu” zela.
Iraia Iturregik pregoilari izateko aukera eskertu du, horrek emakumezkoen futbolari “gizartean aitortza” ematen diola uste du, bereziki Athletic taldeari: “Pregoilari izango ginela jakinarazi zigutenean ezusteko izugarria hartu genuen”. Aste Nagusiaz gozatzeko aukera gutxi izan dituela onartu du Iturregik, ekipoa denboraldi-aurrean dagoelako abuztuan.
Tekonologia berriak
QR kode bat barneratuta izango duten kartelak jarriko dituzte Bilboko sei tokitan. Horri esker, antolatuta dauden ekimen ororen informazioa jasotzeko, festen aplikazioa deskargatu ahal izango da.