“Datu askorekin eta intentziorik onenarekin” idatzi du liburua Azurmendik, aitortu duenez, “ekarpen xume bat” egiteko asmoz. 370 orrialde dauzka lanak (Ttarttalo); gaztelaniaz dago idatzia.
“Ikusten da ETA ez dela beti berdina eta bera izan”, adierazi du egileak Elkar liburudendako aurkezpenean. “Era berean, galdetzen duzu noiz arte hartu zen harena erresistentzia gisa, noiztik jo zen harena terrorismotzat, erakunde iraultzailea baino gehiago abertzalea izan den… ETAk egin ahal izan duena egin du. Haren teorizazioa kaskarra izan da, eta, gainera, ez zen egin beharrekoa”.
1959an sortu zen ETA, eta 2011ko urriaren 20an jakinarazi zuen jarduera armatua betiko bukatu zuela. Azurmendik iritzi dio ETAk “aukera hobeak” izan zituela "akordioetara" iristeko –1998-1999an Lizarra-Garazin garaian, esate batera–, eta azkenerako Espainiako Estatuak “garaitu” egin duela. Baina, halaber, kazetariak esan du estatuak ez duela uste kontakizunaren arloan egoera berdina denik, oroitu baitu berriki nola adierazi duen estatu ordezkari batek "kontakizuna ere irabazi" beharra dutela.
Estatuak ezker abertzalearen kontrako “gerra zikina egiteko” baliabide asko erabili izan dituela azaldu du liburuaren egileak; “kasurako, ZEN planean milioiak eta milioiak”. GAL ere aitatu du: "Hura ez zen izan Amedoren-eta gauza bat izan. Beste maila batean planifikatu zen".
Azurmendik aitortu du ezker abertzalearen aurkako kritikak ageri direla liburuan, baina berak ez duela halako “obsesiorik”. Aipatu du ezker abertzalean presente egon izan dela indarkeriaren erabilerarekiko kritika. “Batez ere, euskarazko hedabideetan argitaratzen ziren idatziak”, esan du, eta, orobat, gogora ekarri izan nahi du Eugenio Etxebestek Santo Domingotik kale borrokaren arriskuei buruz egindako testu bat.
Lizarra-Garazi aroan EAJ barruan prozesuarekiko trabak jartzen zituen talde bat bazela ere azaldu du: “Jose Antonio Ardanza, Iñaki Azkuna, Juan Mari Atutxa eta Jabier Atutxak osatzen zuten”.
Liburuaren azala “historikoa” dela azpimarratu du: "1965eko abuztuko Zutik-en aldizkariko azala da. Irudia Jorge Oteizak egin zuen".
Mariano Ferrer: "Sentimenduak berreskuratzeko parada ematen du"
“Irakurtzen duzu Azurmendiren liburu hau eta azken 50 urteetan izandako ekintzen pisua nabari duzu; ‘hau dena pasatu al zen?’, galdetzen duzu”, esan du liburuaren aurkezleak: Mariano Ferrer kazetariak. Ekintzak izan ziren aldiko “sentimenduak eta galduta zenituen hariak berreskuratzeko parada" eman du lanak, Ferrerren arabera, “eta ustez zenekien hura ezbaian jartzen duzu”.
Liburua irakurrita "bilakaera" mota desberdinak ere ikus daitezke, Ferrerrek kontatu duenez: ETArena, gizartearena, terminologiarena… “Baina oraindik erantzun gabeko galderak badirela ikusten duzu. Adibidez, nolako trantsizioa izango genukeen ETArik ez balego?".