Jose Mari Perez 'Txuri' presoak bihotzekoa izan du

Kirola egiten ari zela, mina sentitu zuen asteartean; ospitaleratu zuten, kateterismoa egin zioten eta 'stent' bat jarri

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Jose Mari Perez Txuri preso zarauztarra ospitalean da, bihotzekoak jota. Etxerat-ek jakinarazi duenez, asteartean eman zion bihotzekoak Perezi, Burgosko espetxean, kirola egiten ari zela. Kartzelako medikuak egoeraren larritasuna ikusi, eta ospitalera eraman zuten presoa. Kateterismoa egin, eta stent bat jarri zioten han. Arta Intentsiboko Gunean izan zuten osteguna arte, ospitaleko gune arruntera eraman arte. Senideek harekin egoteko aukera izan dute, eta, azaldu dutenez, hobera egiten ari da.

25 urte daramatza preso Perezek. Kaleratze eguna 2008ko abenduaren 15erako ezarria zuen arren, 197/2006 doktrina ezarri, eta 30 urtera luzatu zioten bete beharreko espetxealdia.

Bi astean bihotzeko arazoekin ospitaleratu duten bigarren euskal presoa da Perez. Iñaki Erro Iruñeko presoak ere antzeko egoera pasatu berri du. Almeriako espetxetik ospitalera eraman behar izan zuten urtarrilaren 18an, kardiopatia iskemiko larri baten ondorioz. Duela 25 urtetik dute preso Erro ere, eta zigorraren hiru laurdenak beteta dauzka. Kardiopatia izan aurretik, kateterra egina du, eta hiru stent ezarrita.

Erroren egoerarekin kezkatuta, biltzeko eskaera egin diote Nabai, Bildu eta Ezkerrak Nafarroako Parlamentuan dituzten taldeek Angel Yuste Castillejo Espetxeetarako Zuzendaritzako idazkari nagusiari. Preso nafarraren egoeraren berri izateko eta espetxeetarako arduradunari legebiltzarkideen kezka helarazteko egin nahi dute bilera.

Almeriako espetxeko zuzendariari ere eskutitz bat igorri diote hiru talde parlamentarioek. Bilera eskatu diote hari ere, eta Erro bisitatu ahal izateko baimena.

Gose greban Villepinten

Bestalde, Frantziako Villepinte espetxean dituzten euskal pre-soek jakinarazi dutenez, «borrokaldia» hasiko dute gaur.Ibon Goieaskoetxeak eta Borja Gutierrezek gose grebari ekingo diote. Joseba Fernandezek, bere osasuna dela-eta gose greba ezin egin duenez, beste ekinbide batzuen bidez egingo du protesta. Goieaskoetxea Villefranche Sur Saone espetxera eraman nahi dutela salatzeko egingo dituzte mobilizazioak hiru presoek, hara eramaten badute Euskal Herritik are gehiago urrunduko dutela salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.