HILBERrIA

Jose Maria Benegas 'Txiki' PSEko eta PSOEko buruzagi historikoa hil da

PSEko idazkari nagusi izan zen 11 urtez, eta presidente beste hamabost urtez. Espainiako Gorteetan, ia legealdi guztietan izan da diputatu 1977az geroztik, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi zituen 1986an.

Ardanza eta Benegas, 1987an Eusko Jaurlaritzarako akordioa sinatu zutenean. Benegas izan zen 1986an PSEren lehendakarigai. BERRIA
jon olano
2015eko abuztuaren 25a
07:52
Entzun

Gaixotasun baten ondorioz hil da Benegas, 68 urte zituela. Espainiako Kongresuan ziharduen gaur egun, eta minutu bateko isilunea gorde dute han. Ostegunean lurperatuko dute, Donostiako hilerrian, ekitaldi pribatu batean, eta ez dute haren aldeko hiletarik egingo. Odon Elorza PSOEko diputatu eta Donostiako alkate ohiak eman du haren heriotzaren berri.

Caracasen (Venezuela) jaio zen, eta 1948ko uztailaren 25ean PSEren buruzagietako bat izan zen Espainiako trantsizio politikoan eta 1980ko hamarkadan. Ikasketaz abokatua zen, eta 1971n UGTn eta PSOEn sartu zen. Urte horretan bertan lanean hasi zen, langileei aholkularitza eskaintzen.

PSE egituratzean, alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten, 1977ko martxoan, eta kargu horretan izan zen 1988ra arte, Ramon Jauregik ordezkatu zuen arte. Alderdiko presidente izan zen orduan, 2003ra arte. 1977ko Espainiako hauteskundeetan, diputatu aukeratu zuten Bizkaitik, eta garai hartako eztabaida ugaritan hartu zuen parte; Amnistia Legeari eta Espainiako konstituzioari buruzkoan, kasurako. Gaur egun, diputatu gisa ziharduen, eta, hirugarren legealdian izan ezik, legealdi guztietan aritu zen Espainiako diputatu gisa 1977az geroztik.

Eztabaida konstituzional hartan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat autonomia estatusa emateko eztabaidan hartu zuen parte, eta Jaurlaritza sortu aurreko Eusko Kontseilu Nagusian Barne sailburu izendatu zuten. Ondoren, 1979ko autonomia estatutuaren idazketan hartu zuen parte. 1980an, diputatu kargua utzi, eta Eusko Legebiltzarrerako zerrendaburu aurkeztu zen, baina bi urte baino ez zituen egin hor. 1984an itzuli zen legebiltzarrera, PSEko bozeramaile gisa.

PSOEn ere izan zituen ardurak. 1974an, alderdiko batzorde eragileko kide aukeratu zuten, Suresnesko kongresuan. 1997ra arte izan zen PSOEko zuzendaritzan.

1986an, lehen indar

Benegas hautagai zela, PSEk irabazi zituen 1986ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Akordioa egiten saiatu zen EA eta Euskadiko Ezkerrarekin, baina, adostasunik lortu ez, eta EAJrekin egin zuen gobernu akordioa. Jose Antonio Ardanza jeltzalea izendatu zuten Jaurlaritzako lehendakari. Benegasek uko egin zion gobernu horretan parte hartzeari.

1989an utzi zuen legebiltzarkide kargua, berriro ere Espainiako Kongresura joateko. Hiru urte horietan, ordea, zenbait negoziaziotan hartu zuen parte; esaterako, Ajuria Eneko itunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.