Gaur goizean egin du Joseba Lakarra euskaltzain osoak sarrera ekitaldia bere herrian, Arratzun (Bizkaia), San Tomas elizan. Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurraren ondoren, Aitzineuskera birreraikiaz: zergatik ezkerra? hitzaldia eman du Lakarrak, eta hizkuntzaren alorrean ikerketaren beharra dagoela nabarmendu du. Urrutiak berak haren "ikerketarako sena eta grina" azpimarratu ditu.
Ekitaldian domina eta diploma ere eman dizkiote euskaltzain berriari.
Ekitaldian izan dira, euskaltzainez gaiz, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Xabier Azanza Nafarroako Gobernuko Euskarabideko zuzendaria edota Josu Sabin Olano Arratzuko alkatea.
Euskaltzaindiak duela bi urteko ekainaren 1ean erabaki zuen hark beteko zuela akademiako 28. aulkia, Jose Antonio Arana Martijak, Xabier Kintanak eta Jose Luis Lizundiak proposatuta.
Joseba Lakarra Andrinua Arratzun jaio zen, 1962ko urtarrilaren 1ean. Euskal Filologian lizentziatua, 1994an doktore maila lortu zuen, Koldo Mitxelenak eta Joakin Gorrotxategik zuzendutako tesi batean. 2005eko abuztutik aurrera Euskararen Historia eta Euskararen Gramatika Historikoaren katedraduna da, EHUn. Liburu ugari argitaratu du euskarari buruz, besteak beste Euskal Baladak. Azterketa eta Euskal Baladak. Antologia (1983), K. Mitxelenaren idazlan guztiak. Hizkuntzalaritza (1988), Manuel Larramendi. Euskal testuak (1990, Patxi Altunarekin batera).
Filologia eta Geografia-Historia fakultateko dekanoa izan da 2003tik 2007ra. Hark egin zuen Juan Perez Lazarragak XVI. mendean idatzi zuen eskuizkribuaren lehen azterketa filologikoa eta literarioa.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1991n.
Euskara
Joseba Lakarra euskaltzain osoak ikerketaren beharra azpimarratu du sarrera ekitaldian
Arratzu jaioterrian egin du hitzaldia, gaur. Han izan dira, besteak beste, Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Xabier Azanza Nafarroako Gobernuko Euskarabideko zuzendaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu