Aurtengo ekainaren 8an giza kate erraldoi batek lotu zituen Durango eta Iruñea, eta giza kate horren atzean ziren pertsonen iritzia bildu du 'Jostunak' dokumentalak. Asteartean Bilbon estreinatu ostean gaur goizeko 11:00etan eman dute Iruñean. Hala eskatzen duten herrietan ere emateko asmoa dute, eta helburua da ahalik eta hedapen handiena ematea.
Jostunak dokumentala Eriz Zapirainek zuzendu eta gidoia Zapirain berarena eta Ion Telleriarena da.
Bi hari nagusi ditu. Alde batetik, herritar anomimoek dute protagonismoa eta ondo azaltzen du nola joan zen zabaltzen giza katearen dinamika, proiektu xume izatetik ekainaren 8an 150.000 herritar biltzeraino. Bertan, hasierako beldurrak eta zalantzak islatzen dira, eta nola joan zen handitzen eta aurreikuspenak gainditzen herri bakoitzeko batzarretan lehenik, gero Bilboko La Casillako ekitaldian eta azkenik ekainaren 8ako giza katean bertan.
Bestetik, dokumentalean hainbat pertsonalitate ezagunek gogoeta egiten dute erabakitzeko eskubideari buruz: Juan Jose Ibarretxe, Garbiñe Biurrun, Pili Kalzada, Floren Aoiz, Gemma Zabaleta, Mario Zubiaga, Mixel Berhokoirigoin, Menane Oxandabaratz... Eztabaida horretan hainbat galdera proposatzen dira: erabakitzeko eskubidea abertzaleen kontua ote den, zer den lehendabizi legea ala herritarren borondatea? Gainera egungo Euskal Herriko lurralde desberdinetako egoera eta erabaki esparruen inguruko eztabaida ere deskribatzen ditu,
Bi hari horiek elkarlotuta daude uneoro, eta gogoeta arrazionalarekin batera giza katearen dinamikak eragindako erauntsi emozionala josten du dokumentalak. Giza katean ez da geratzen, eta Eskozian irailaren 18an egindako erreferenduma ere agertzen da.