Azken ordukoa

Josu Juaristik uko egin dio EH Bilduren hautagai izateari

Harreman "sentimental baten hausturaren" ondoren "jarrera ez onargarriak" eta "lekuz kanpokoak" izan dituela aitortu du Juaristik. EH Bilduk jakinarazi du Juaristiren militantzia "etengo" duela behin-behinean.

Josu Juaristi, Orain Errepublikak koalizioaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2019ko apirilaren 5a
09:45
Entzun

EH Bilduko Europako Parlamenturako hautagai zen Juaristi. Ordea, uko egin dio hautagaitzari, eta ohar baten bidez jakinarazi du "harreman sentimental baten hausturarekin"  duela zerikusia erabakiak. "Aitortu behar dut, harremana eten ostean, besteak beste, baimenik gabe eta lekuz kanpo zeuden mezuak bidaliz jarrera ez onargarriak izan ditudala, min eginez pertsona zehatz bati", azaldu du Juaristik. EH Bilduri erabakiaren berri ere eman diola jakinarazi du, eta koalizioari eskatu dio "egoki jotzen duen prozedura" abiarazteko.

EH Bilduk, berriz, jakinarazi du behin-behinean eten egin duela Juaristiren militantzia, eta gertaturikoa argitzeko prozedura bat martxan jarriko duela. Juaristiren dimisioa onartu, eta Europako parlamenturako hautagai berria izendatzeko bidea ere abiaraziko dute.

Juaristi joan den azaroan hautatu zuten Europako hauteskundeetarako EH Bilduko zerrendaburu. Lorena Lopez de la Callerekin lehiatu hautagai izateko barne prozesuan, eta koalizioaren oinarriak bere alde egin zuen botoen %75,6arekin.

Bigarrenez aurkeztu behar zen hautagai Europako hauteskundeetarako. Aurreko legealdian, europarlamentari izan zen EH Bilduren izenean, GUE/NGL taldearen baitan.

Hurrengo hauteskundeetan, Orain Errepublikak hautagaitzaren zerrendan zen aurkeztekoa, EH Bilduk ERC alderdi kataluniarrarekin eta BNG galiziarrarekin batera osatu duen koalizioan. Oriol Junqueas ERCko buruaren ostean, zerrendan bigarren aurkezteko asmoa zuen. Aurreikuspenak aintzat hartuta, pentsatzekoa da Juaristik Europako Parlamentuan berriz ere jarduteko aukera izango zuela. Europako Parlamentuaren azken inkestaren arabera, hiru eserleku lortuko zituen Orain Errepublikak hautagaitzak, hauteskundeak martxo hasieran egin izan balira.

Ibilbide politikoa hasi aurretik, Juaristik kazetaritza izan du ofizio. Egin egunkarian nazioarteko saileko erredaktorea zen itxi zutenean, Gara egunkarian nazioarteko saileko arduradun izan zen lehenengo, eta, gero, zuzendari izandakoa da zazpi urtez. Zazpika aldizkariko editorea izandakoa ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.