Agintaldi berriari ekiteko batzarra egin du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Azpeitian (Gipuzkoa). Ezustekorik ez da izan, eta aho batez onartu dute zuzendaritza batzorde berria, honako banaketa honekin: EH Bildurentzat zazpi kide (tartean, lehendakaria), EAJrentzat hiru ordezkari (tartean lehendakariordetza) eta udal talde independenteentzat bat.
Josu Labaka Azpeitiko EH Bilduko zinegotzia izango da lehendakaria. Ueman esperientzia badu lehenago ere; aurreko agintaldian, adibidez, mankomunitateko komunikazio arduradun jardun zuen. Sarrerako hitzaldian, hizkuntza eskubideak hartu ditu gogoan; euskaldunek “bigarren mailako herritar” izateari utzi behar diotela ohartarazi du, eta horretan eragingo duela Uemak. Eskubideak ardatz dituen “oinarrizko zorua” eraikitzea aipatu du.
Adostasuna eta elkarlana ere hizpide izan ditu. “Zerbait bada, Uema elkarlana da”. Agintaldiaren ardatza ere hori izatea nahi du.
Lehen pausoa gaur eman dute. Zuzendaritza adostua dute, eta lehendakariordetza EAJk izango du: Gatikako zinegotzi Onintze Amezagak.
Gaurko bileran ez dute parte hartu Tolosako eta Lekeitioko udaletako ordezkariek; ez dute argitu mankomunitatean jarraituko duten edo ez. EAJren esku daude bi udal horiek. Nolanahi ere, ia salbuespena dira bi kasuak, EAJren agintepean dauden beste 11 herrik jarraituko baitute Ueman. Areago, zuzendaritzan sartu dira hiru herri: Gatikaz gain, tartean dira Zarautz eta Zestoa.
Lesakako Udalak ere ez du argitu zer egingo duen. Hiru ordezkari izendatzea zegokion, baina bakarra izendatu du. Geroa Baik du alkatetza, baina EH Bilduko kide bat izendatu dute. Batzarrean izan da, eta zuzendaritza batzordean ere egongo da: Maider Arrieta.
Bileraren berri bildu du bideo batean Urola Kostako Hitza-k, Labakaren beraren adierazpenekin:
[YouTube]https://youtu.be/SVbIa1p7cXo[/YouTube]