Josu Uribetxebarriak senda-agiria jaso du, eta Donostiako Ospitaletik etxera eraman zuten atzo bertan. Abuztuaren 1ean eraman zuten presoa Donostiako Ospitalera, gaixorik larri dagoelako. Minbizia du, metastasiarekin.
Gaixotasun larriren bat duten presoak baldintzapean aske uzteko eskatu zuen Uribetxebarriak Espainiako Auzitegi Nazionalean, hala dagokielako, baina erabakia ez zen azkar iritsi. Fiskaltzak bere esku zegoen guztia egin zuen erabakia atzeratzeko. Azkenean, auzitegiak abuztuaren 30ean onartu zuen aske uztea, baina Uribetxebarriak preso jarraitu zuen, Fiskaltzak helegitea jarri ziolako erabakiari. Azken erabakia irailaren 12an hartu zuen auzitegiak. Orduan, Uribetxebarria presoen gelatik gela arruntera eraman zuten. Aske egon arren, erietxean egon da atzo arte, tratamendua jasotzen, eta hemendik aurrera etxean jarraituko du.
Etxera eraman aurretik, Martuteneko espetxera eraman zuten euskal preso ohia, baldintzapeko askatasuneko agiriak jasotzeko. Honako baldintza hauek jarri zizkioten: biktimen etxe edo lantokietara ez gerturatzea, bortizkeria goratzeko ekintza publikoetan parte ez hartzea, ezta halakoekin loturarik izan dezaketen adierazpenak egitea ere. Tratamenduan aldaketarik egiten badu edo Arrasatetik irten nahi badu, baimena eskatu beharko dio epaileari.
Aitzol Gogorza presoa, bestalde, espetxera eraman dute berriz ere, erietxean egon ostean. Hamahiru euskal preso gaixoetako bat da. Gogorzak nahasmen obsesibo konpultsiboa dauka. Bera eta gaixo dauden gainerakoak aske uzteko eskatu dute Etxerat eta Herrira mugimenduek.
Josu Uribetxebarria etxean da
Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uzteko eskatu dio Etxerat elkarteak Espainiako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu