Zumaian gaur ere gogoan izan dute Joxe Mari Korta zena, ETAk Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteko presidentea hil zuela hamaikagarren urtea bete denean. Elkarretaratzea egin dute, Korta enpresaren atarian —han hil zuen ETAk, bonba bat lehertuta—, eta bertan izan dira, besteak beste, Pello Urizar Bilduko buruetako bat eta EAko idazkari nagusia, Ikerne Badiola EAko Komunikazio arduradun eta Kultura, Kirol eta Gazteria diputatua, Marina Bidasoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendaria, Arritxu Gonzalez Zumaiako jarduneko alkate eta independentea, eta Enrique Martinez Alternatibako kide eta Gipuzkoako batzarkidea.
Bilduk duela aste batzuk jakinarazi zuen ETAren biktimen aldeko ekitaldietan ere parte hartuko zuela —EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute koalizioa—. "Alde bateko eta besteko biktima guztien alde lan egiteko asmoa du Bilduk", esan du Urizarrek gaur. Gaurkoa "urrats txiki bat" izan dela adierazi du, eta sakontzen jarraituko dutela; “baina gure agendari jarraituz. Egin dizkiguten kritikak zorrotzak izan dira, eta guretzat ez dira onartzekoak".
Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria, Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidentea, Aintzane Ezenarro Aralarreko eusko legebiltzarkidea, Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoa —atentatu hura izan zenean hura zen diputatu nagusia—, Pilar Elias PPko kidea, Adegiko Ramon Zenarruzabeitia presidenteordea, Jose Alberdi presidente ohia eta Jose Maria Ruiz Urtxegi idazkari nagusi izandakoa, edota Victoriano Susperregi Elkargi enpresarien elkarteko burua ere omenaldian izan dira, Korta sendiarekin batera.
Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioaren bozeramaile Jesus Mari Mujikak "biktima guztien aitortza eta errespetua" eskatu du ekitaldian. "Gure herrian elkarbizitza lor dadin", esan du.
19:00etan meza egingo dute Zumaian, San Pedro elizan.