Joxe Mari Zaldua iheslaria hil da, bihotzekoak jota

AAMk dio gatazka konpondu behar dela «iheslari eta preso politikorik gabeko herria» izateko

Erredakzioa
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Joxe Mari Zaldua Korta euskal iheslari politikoa hil zen asteazkenean, bizikletan zebilela bihotzekoak jota. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez, Frantziako Aix-en-Provence herrian hil zen, eta datozen egunetan jakingo da gorpua noiz ekarriko duten Euskal Herrira. Ezkiokoa zen, Gipuzkoarra.

Zalduaren bizia Euskal Herriko gatazkari neurria hartzeko erakusgarria dela uste du AAMk. «Torturari eta espetxeari ihesi» Ameriketara jo behar izan zuela ekarri du gogora, eta geroraFrantzian atxilotu eta espetxeratu zutela. Ez zuten denbora asko eduki preso, baina libre atera eta gutxira bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuten berriz ere, eta horregatik ihes egitea erabaki zuen. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkartasuna eta babesa adierazi die «une latz hauetan» Zalduaren senitarteko eta lagunei.

Iheslarien egoera «latza» dela salatu du AAMk. «Torturari eta espetxeari ihesean bizitza gogorra eraman beharra suertatu zaie asko eta askori». Hala, babesa erakutsi diete «modu batean edo bestean ihesean dabiltzan euskal herritar guztiei».

Euskal Herriko gatazkaren ondorio da presoak eta iheslariak izatea, AAMren arabera: «Gatazka eta errepresio egoerak ehunka euskal herritar behartu ditu ihes egitera, sasian bizitzera». Jatorria gatazka izanik, amaiera ere gatazkaren konponbidea dela azpimarratu du: «Gatazkaren konponbideak ezinbestean berarekin ekarri behar du kanpoan eta espetxean diren euskal herritar guztien etxeratzea».

Euskal Herria «gatazkaren eta sufrimenduaren zurrunbilotik atera eta demokrazia egoera batera eramateko beharra» inoiz baino handiagoa dela uste du. Horregatik, «unerik latzenetan ere» lanean jarraitzeko deia egin du AAMk, «Euskal Herrian benetako demokrazia egoera ezar dadin». Presorik eta iheslaririk gabeko herria edukitzeko, gatazkaren konponbide demokratikoa ezinbestekoa dela ohartarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Atxilotzeko agindua

Eloy Velasco epaileak besteak beste Zaldua atxilotzeko agindua eman zuen aurtengo martxoaren 15ean. ETAren eta FARC Indar Iraultzaile Armatu Kolonbiarren artean harremana dagoelakoan, hamabi lagun atxilotzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak orduan, eta haietako bat zen Zaldua. Alvaro Uribe Kolonbiako egungo presidentea eta Andres Pastrana presidente ohia hiltzen saiatu izana leporatu zien hamabi lagunei Velasco epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.