Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatu kargutik kendu egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. EAJk, PSEk eta PPk aurkeztutako zentsura mozioak aurrera egin du; EAJk 14 batzarkide ditu, PSEk 10 eta PPk 4. Guztira 28 botorekin onartu dute mozioa (haien azalpenak); aurka 22 boto (Bildu —koalizioko batzarkide bat falta zen— eta Aralar).
Alduntzin diputatua luze eta zabal aritu da hizketan aurreko saioan. Hondakinak kudeatzeko eskumena udalek daukatela berretsi du, eta ohartarazi du erakundeen arteko adostasuna behar dela. Akordioak lortu beharraz aritu da, baina ez ditu borondatez ikusi oposizioko kideak: "Interes hutsalak dituzue. Indarra erakutsi nahi duzue, diputazioko kideok panpinak bagina bezala". Herrietan sortu den ika-mikaz ere aritu da: "gatazka elikatzen" aritzea leporatu die oposizioko kideei. "Alderdigintzan ari zarete, ez herrigintzan".
Egindakoarekin "harro" dagoela berretsi du Alduntzinek. "Adostasunik ez duzue nahi, inposaketa nahi duzue. Horregatik kendu nahi banauzue, ohorea izango da". Udalen eskumenak errespetatu egingo ditu aldundiak, diputatuaren hitzetan. "Edukiei buruz" hitz egiteko unea dela esan die EAJri, PSEri eta PPri. "Baina kontua da hor ez zaudetela eroso".
Oso hunkituta amaitu du hitzaldia. Eten egin behar izan du, gainera, aurrera ezin eginda. Txaloka erantzun diote Bilduko batzarkideek eta diputazioko kideek. "Gora gu ta gutarrak" esanez amaitu du
Martin Garitano ahaldun nagusiak defendatu egin du Ingurumen diputatuaren lana, eta salatu du "beste interes batzuk" dauzkatela EAJk, PSEk eta PPk.
Protestak atarian
Atarian protesta egin dute erraustearen aurkako plataformako kideek. Alduntzin diputatua 09:15 aldera iritsi da Batzar Nagusietara. "Lasai" dagoela adierazi die kazetariei. Ondoan zituen Garitano, hainbat foru diputatu, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Oskar Matute Alternatibako bozeramailea eta Joseba Permach ezker abertzaleko kidea, besteak beste. Bilduko hainbat alkate ere Batzar Nagusietan dira gaur. UPDko parlamentari Gorka Maneiro ere bai.
Permachek adierazi du emandako hitza bete soilik egin duela Alduntzinek: "Erraustearen aurka zegoela argi utzi zuen Bilduk, eta horrela segituko du". Bihar arratsaldean Donostian egitekoa duten manifestazioan parte hartzera deitu du.