Zeresan ugari sortu du Nafarroako Parlamentuak argitaratutako Navarrometro inkestak azken egunotan. Juan Jose Dominguez politologoak (Bartzelona, 1968), ordea, ez ditu sinesgarritzat jotzen ateratako emaitzak, eta UPNren nolabaiteko estrategia dela uste du.
Aldaketa garaia iritsi da Nafarroara?
Aldaketarako joera nabaria hedatu da, behintzat. Nafarrek gobernu aldaketa bat nahi dute, eta ez daude gehiago itxaroteko prest. Usteltze kontuak, AHTa, krisia, hezkuntzan eta osasun arloan egindako murrizketak... mila arrazoi dituzte haserre egoteko. Erregimenaren egunak bukatzear daude.
Navarrometroren arabera, Podemos Ahal Dugu da orain gailurrera iritsiko dena.
Hori oraindik ikusteko dago. Ez dut uste Navarrometrok dioen bezain indartsu iritsiko direnik. Egia da Nafarroako agertoki politikoan azalduko direla, baina ez hainbesteko indarrarekin.
Zuk ere kalkulu bat egin zenuen duela hilabete baino gehiago. Zer ondorio atera zenituen?
Nire datuak aintzat hartuz, UPNk 14-16 aulki lortuko lituzke, EH Bilduk 9-11, Podemosek 8-10, Geroa Baik 6-8, PSNk 5-7, Ezkerrak 1, PPk 0-2 eta UPDk 0-1. Navarrometroren oso bestelako datuak dira.
UPNk ez luke hainbeste galduko, beraz.
Navarrometro inkesta sinesgarritasunik ez duen kalkulu bat dela iruditzen zait. Ez da kasualitatea izango UPNk berak ere ez sinestea datu horiek. Nola da posible UPNk eta PPk ordezkaritza instituzionalaren %61 galtzea? Nafarroan aldaketa nahi da, bai, baina oso kontserbatzailea da oraindik. Bat-batean guztiak ezker aldera aldatu dira? Hori ez da erreala.
Navarrometrok emaitza baldintzatuak lortu dituela uste al duzu?
Hasteko, arazoak egon ziren, galdera batzuk ezabatu zituztelako. Haatik, esaterako, ez zen ezer galdetu Volkswagenen eta Osasunaren inguruan. Bestela esanda, bazeuden galdera batzuk UPNri ez zitzaizkionak interesatzen, eta horiek ezabatu ziren. Politologo moduan, auzo lotsa sentitzen dut. Jendea manipulatu nahi dute, baina geroz eta zailagoa daukate hori egitea.
Zein dira kalkulu horren sinesgarritasuna zalantzan jartzeko arrazoiak?
Ugari dira. Alde batetik, hauteskunde kalkuluak 26 galdera ditu, eta, fitxa teknikoak dioenez, hamar-hamabost minutuan egin dira; fisikoki ezinezkoa da. Bestetik, 1.500 elkarrizketa egin dituzte, 18.000 euroko aurrekontuarekin. Bakoitzak 10 euro inguru balio badu, 3.000 euro soilik geratuko lirateke logistika, kostu finkoak eta hor lan egin duten guztiei ordaintzeko. Ez dauka zentzurik.
Boto aldaketa ere hor dago.
Hori da hurrengo puntua. Bat-batean, 235.000 pertsona EAErekin lankidetza bilatzearen alde daude, eta 105.000 pertsona bakarrik daude horren aurka. Nondik atera da jende hori guztia? Horrez gain, baliteke EH Bilduk 70.000 boto inguru eskuratzea, baina arraroa da UPNk eta PPk elkartuta EH Bilduk baino boto gutxiago lortzea —63.000 inguru—. Nola da posible Nafarroako gizartea hainbeste aldatu izana? Ikuspuntu ekonomikotik uler dezaket jendeak UPN zigortu nahi izatea, baina orain arte UPNren aldekoak izan direnak baskistak bilakatu dira? Eskuineko guztia desagertu dela dirudi. Azkenik, Navarrometroren arabera, %19k ez dute esan nahi nori bozkatuko dioten, hau da, botoa gorde egin du. Oro har, galdeketa oso korapilatsua da, eta halako kontuekin, sinesgarritasuna galtzen du.
UPNren estrategia bat izan dela esango zenuke?
Inolako zalantzarik gabe. Nik dudan hipotesi bati helduz, uste dut UPNk badakiela ez duela gehiengoa lortuko, nahiz eta PSN eta PP alderdiekin elkartu. Hortaz, Podemos haizatu nahi dute, finean, alderdi espainiarra delako. Podemos erabiltzen dute PSNrekin eta Ezkerrarekin batzeko, gaitz erdi delakoan. UPNren helburua indar abertzaleak geratzea da, eta hori da lortzeko daukan modu bakarra.
Nola interpretatzen duzu Barcinaren dimisioa?
Barcinak ikusi zuen ez zuela gehiengorik lortuko; alde egitea erabaki du. Baliteke bizitza pribatuak ere eragina izatea, baina agerian geratu da zergatik ez duen UPNko zerrendaburua izan nahi.