Beste erritmo batean bizi da orain, lasaiago. 2011n Donostiako alkate aukeratu zuten, Bildutik, eta atsedenik gabeko eta presio handiko lau urte bizi izan zituen. Baina gustura dago egindako lanaz, politika egiteko moduez arrastoa utzi zutela iritzi baitio.
Urte erdi bat pasatxo darama udaletik at Juan Karlos Izagirrek, hauteskundeak galdu zituztenetik. Uste du kanpotik EH Bilduren proiektuari ekarpen hobea egin diezaiokeela.
Igeldon daukan baserriko txabolan hartu du BERRIA. Hantxe egon zen iazko maiatzean Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiarekin bazkaltzen eta solasaldi luzean.