Goizaldean abiatu ziren Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza 8.000 metrotan kokatuta zegoen IV. kanpamendutik. Kanpamendu hori, K-2ko sorbaldan zegoen eta handik 600 metro gora egin zuten, bi urtez zapaldu gabe zegoen gailurrera iristeko. Espedizio italiar bat joan da lau euskaldunekin batera maldan gora, uste baino zailagoa izan den zortzi milako honetan.
Oiarzabalen 22. zortzi milakoa eta Pasabanen 7.a
K-2ko gailurrarekin, 22. zortzi milakoa izango da Juanito Oiarzabal mendizale gasteiztarrarentzat. Edurne Pasabanentzat berriz, bere 7. zortzi milakoa izango da honakoa. K-2 igotzen duen seigarren emakumezkoa da tolosarra.
Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza K-2ko gailurrera iritsi dira
Arratsaldeko 14:30 ziren Euskal Herrian Juanito Oiarzabalek, Edurne Pasabanek, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak K-2ko gailurra mendean hartu dutenean. Uste baino beranduago iritsi dira mendizaleak tontorrera; izan ere, zati askotan elurra gerriraino heltzen zitzaien. Gainera, goranzkoan bidea segurtatzen joan dira ondoren jaitsiera errazagoa izan zedin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu