Julen Larrinaga eta Aiert Larrarte absolbituak atera direla jakinarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). Torturak salatzeagatik auzipetu zituzten Larrinaga eta Larrarte.
2006ko apirilean Ibon Meñika Zamudioko (Bizkaia) gaztea atxilotu zuen Guardia Zibilak, ustez ETA diruz laguntzeko bonoak izatea egotzita. Lau egunez eduki zuten inkomunikatuta. Epailearen aurrera eraman zutenean, tratu txarrak eta torturak jasan izana salatu zuen. Berria jakin bezain laster, prentsaurrekoa eman zuten Aiert Larrartek eta Julen Larrinagak Torturaren Aurkako Taldearen eta Askatasunaren izenean, eta Meñikak jasandako torturak salatu zituzten jendaurrean. Prentsaurrekoa egiten ari zirenean, beste pertsona bat zeukan inkomunikatuta Guardia Zibilak: Sandra Barrenetxea. Hura ere torturak jasateko arriskuan zegoela ohartarazi zuten, eta torturak saihesteko neurriak eskatu zituzten.
Meñikak formalki salatu zituen torturak auzitegian. Halere, ez zen guardia zibilik akusatuen aulkian eseri eta auzia berehala artxibatu zuten. Larrinaga eta Larrarte, aldiz, akusatu bihurtu zituzten Meñika torturatu zutela esateagatik. Guardia Zibila iraindu nahi izana egotzi zien Fiskaltzak. 15 hilabetean egunero 15 euroko isuna (6.750 euro) ordaintzea eskatu zuen orduan.
Prentsaurrekoaren zergaitia azaltzeko Larrartek epaileari esan zionez, "torturaren aurkako talde gisa, tortura salaketen berri izatean publiko egiten genituen, tortura saihesten laguntzen duelakoan".
Politika
Julen Larrinaga eta Aiert Larrarte absolbitu dituzte
Ibon Meñikak jasandako torturak salatzeagatik auzipetu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu