Euskal Herriko historiaren garai garrantzitsu baten "lekuko" izan dela-eta bere testigantza publiko egin nahian idatzi du liburuak Madariagak (Bilbo, 1932). "Idatzi beharra nengoen liburu hau. Eta idatzi behar nuen hil baino lehen". "Lasai geratu naiz", aitortu du —duela urtebete pasatxo ekin zion prestaketari—, baina jende batek zer esango duen "beldurra" ere badu.
ETAren sortzaileetako izan zen, duela 50 urte pasatxo. 80ko hamarkadan, baina, erakunde armatuarekiko kritiko izaten hasi zen, horiek plazaratu ere egin zituen —orain ere bai liburuan—, eta harrezkero, urteetan eta urteetan "bakarrik" sentitu izan zela esan du. "Garesti" ordaindu du hori guztia, haren aburuz. "Etsaiaren erasoak aguantatu izan ditut; etxe barrukoak gogorragoak izan dira niretzat", adierazi du Madariagak aurkezpenean. Bere ideiak ezker abertzalean ere helduta ikusten ditu orain.
ETA armak euskal instituzio bati uztearen alde agertzen da liburuan, eta uste du berak ez duela Euskal Herriaren independentzia ikusiko.
328 orrialde dauzka Egiari zor-ek, eta Koldo Izagirre eta Inazio Mujika Iraola izan dira haren ondoan eguerdiko aurkezpenean. Mujika Iraolak eskerrak eman dizkio Madariagari "esan beharra sentitu" izanagatik.
Izagirreren arabera, "bere errealitatearen zati bat eta bere egiaren osoa" eskaini du egileak "kontakizun berezi" honetan. "Abertzalatesuna du kohesio eta, zehazkiago, ETA". Izagirrek aipatu du horrelako liburuak "hagitz samurrak" direla irakurtzeko baina "arrunt zailak" idazteko, Madariagaren ibilbidea "konplexua" baita, ETAko sortzaileetako bat izan zenez. "Erronka handia da egin duena".
Liburua espainolez eta frantsesez argitaratzeko asmoa ere badute. Erein argilatetxeak atera du.