Justizia administrazioa euskalduntzeko lanak mantso joan badira orain arte, aurrerantzean moteldu egingo direla uste dute sindikatuek eta normalizazio lanetan aritutako trebatzaileek: 2007tik euskalduntze prozesua bultzatu duten hamalau trebatzaileak kaleratu egin dituzte irailean, eta sindikatu eta langileak bat datoz balorazioan: euskararen normalizazioarentzat «atzerapausoa» izango da. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak, ordea, ziurtatu du erabakiak ez diola normalizazioari eragingo.
Orain arte euskara trebatzaileek egindako lan guztiak «bermatuta egon dira, daude, eta hala jarraituko dute aurrerantzean ere», zehaztu du Justizia Sailak ohar batean: «Izan ere, sail honek badauka atxikita horretarako gaitasuna duen pertsonal tekniko nahikoa, eta pertsonal hori ez da inola ere gutxitu». Justizia Sailak hamabi teknikari ditu itzulpen eta aholkularitza lanetarako; hiriburuetan lan egiten dute. «Uste dugu hamabi funtzionario horiek gai direla zeregin guztiak betetzeko, eta, hortaz, ez dago kanpo kontratazioa mantentzeko inolako arrazoirik».
Lau urtez, ordea, teknikari horiekin lan egin dute hamalau trebatzailek. Euskararen normalizazioa bultzatzeko asmoz, 2007an hamalau langile kontratatu zituen Jaurlaritzak, deialdi publikoa eginda. Emun kooperatibak irabazi zuen lehiaketa eta, lana ateratzeko, Bilboko Elkarlan euskaltegiekin —Bilbo Zaharra, J. M. Zabala eta Gabriel Aresti— lan hitzarmena sinatu zuen. Harrezkero, Emuneko zortzi bazkide eta Bilboko euskaltegietako sei langile aritu dira justizia administrazioa euskalduntzeko zereginetan, Justizia Saileko hamabi funtzionarioekin elkarlanean.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hamalau barruti judizialetan sakabanatuta, denetariko lanak egin dituzte trebatzaileek: errotuluak euskaratu, aholkuak eman, hizkuntza teknikoa landu, motibazio eta ezagutza ikastaroak eman... Baina, batik bat, hizkuntza normalizatzeko planak abian jarri dituzte.
Langileen erdiekin
«Trebatzaileek betetako lana ezingo da ordezkatu», Loreto Cabo LAB sindikatuko kide eta justizia administrazioko langilearen esanetan. «Milaka eta milaka dokumentu iristen dira hona: notifikazioak, zitazioak... Itzultzaileak eta teknikariak badaude, baina sekulako lana dute, eta ez dira iristen». Trebatzaileak kontratatu aurretik, hamabi teknikariek egiten zituzten beste lanak ere; «baina askoz gutxiago», zehaztu du Cabok. Ezin lan guztietara heldu. Trebatzaileak kaleratzea, hortaz, «atzerapauso handia» dela uste du. 26 ziren lanean, hamabik jarraitu beharko dute.
Justizia administrazioko sindikatu guztiak bat datoz murrizketaren kritikan. CCOO, CSIF, ELA, LAB eta UGTk agiri batekin erantzun diote Idoia Mendiaren sailari: «Jaurlaritzak enpleguak suntsitu ditu, euskarari eraso egin dio eta sindikatuokin sinatutako akordioa alde bakarrez urratu du [IV. Akordioan, Jaurlaritzak konpromisoa sinatu zuen trebatzaileen lanpostuei eusteko]». Urriaren 6an elkarretaratzeak egin zituzten sindikatuek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko justizia jauregien aurrean, eta ez dute baztertu protesta gehiago egitea.
Trebatzaileen lanpostuak kentzeko erabakia bat-batean etorri da, eta moduak kritikatu ditu Loreto Cabok, inork ez baitie sindikatuei «azalpenik eman aurpegira». Izatez, aurten berritu behar zen trebatzaileen kontratua, eta prozedura guztia normal joan da: ekainaren 25ean deialdia argitaratu zen, eta uztailean Emuni eman zioten lana. Emuneko kideak kontratua sinatzekotan ziren, irailaren 16an Justizia Sailaren deia jaso zuten arte. «Ez zeukatela dirurik [985.000 euroko aurrekontua zuen kontratuak, bi urte tarako], bertan behera geldituko zela, eta ez dela atzera bueltarik egongo». Jaurlaritzak horrela azaldu zion Dani Larrea Emuneko zuzendariari. «Sorpresa itzela» hartu zuen, baina ezin gauza handirik egin. Kalte-ordaina eskatuko du enpresak, dena den.
Goizetik gauera, lanik gabe
Trebatzaileak ere ezustean harrapatu ditu Jaurlaritzak. Irailaren 20an jakin zuten lanik gabe geldituko zirela. Haietako batzuk Emunera eta euskaltegietara itzuli dira lanera, baina beste batzuk ezer gabe gelditu dira. Hori da Nerea Cuellarren egoera. Lau urtez Getxoko justizia jauregian lan egin eta gero, «egun batetik bestera», lanik gabe gelditu da. Bilbo Zaharra euskaltegira itzuli da, baina han ikasleen matrikulazioa «izugarri» jaitsi da, «eta ez dago zer eginik». Hala gelditu da, lanik eta itxaropenik gabe.
Lau urteotan trebatzaileek egindako lana igarri egin dela uste dute Nerea Cuellarrek, Dani Larreak eta Loreto Cabok. «Beste jarrera bat sumatzen da orain, euskara taldeak ere jarri dira martxan barruti batzuetan», Cuelarren esanetan. Euskararen normalizazioari dagokionez, justizia da «atzeratuen» dabilena, Larrearen ustez. Trebatzaileen hutsunea nabaritu egingo dela abisatu du: «Ez da batere onuragarria izango; lan hori bertan behera geldituko da, ez dagoelako jende nahikoa proiektu zehatz batzuk ateratzeko».
Justizia euskalduntzeko «atzerapausoa»
Sindikatu guztien kontra, Jaurlaritzak ez ditu berrituko justizia euskalduntzeko trebatzaileen lanpostuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu