Auzitegira jotzea mugatzeko helburuarekin Espainiako Gobernuak hartu nahi dituen neurriak txartzat jo dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Tasak handitzeko asmoa du Madrilek, doako justizia hortik lortutako diruaren bidez kudeatzekotan. Dohaineko zerbitzua «behar dutenei» soilik ematea nahi du PPren gobernuak, eta iruzurrak «kontrolatu» behar direla ohartarazi du. Gasteizko eta Iruñeko gobernuen iritzirako, justizia unibertsalaren aurkakoa da doako justizia mugatzea.
Bilera egin zuten atzo Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz-Gallardonek, eta autonomia erkidegoetako Justizia kontseilariek; Nafarroako kontseilari Roberto Jimenez eta Eusko Jaurlaritzako sailburu Idoia Mendia joan ziren Madrilera. Baliabide gutxien duten sendien eskubideak urratuko direla salatu du Jimenezek; uste du ezingo dutela helegiterik jarri, dirua eskatuko baitiete. Beste bide batzuk aztertzea nahi du-eta bitartekaritzak. Mendiak esan du erkidegoen esku utzi beharko luketela justiziako giza baliabideen kudeaketa.
Bileran hizpide izan zuten barruti judizialen aldaketa ere. CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak plan bat jarri du mahai gainean; Hego Euskal Herrian, hemeretzi barruti judizialak zortzitan batzea proposatu du, sistema «efizienteagoa» egiteko. Gallardon ministroak baieztatu du aztertzen ari direla gaia. Proiektua egin aurretik erkidegoekin hitz egingo dutela esan du.
Justiziako tasak handitzea okerra dela salatu dute Nafarroako eta EAEko gobernuek
Barruti judizialak batzea aztertzen ari dela esan du Madrilek; hemeretzi izan beharrean, zortzi izan daitezke Hegoaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu