Kale gorrian diren irakasleak, ezkor

Une zailak igarotzen dabiltza lanik gabe dauden irakasleetako batzuk; kalean geratzeak etorkizunaren inguruko ikuspuntu ezkorragoa eman diela dirudi.

Iker Tubia.
Iruñea
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Egun hauetako mobilizazioetan irakasleak bildu diraNafarroako Gobernuak hezkuntzan egindako murrizketak salatzeko eta sindikatuen aldarrikapenekin bat egiteko. Protestan ibili direnen artean egon da Ignacio Peñalver, aurten lanik gabe geratu den irakasle bat. Hamabost urte eman ditu Berriozarren lanean, eta murrizketek zuzenean eragin diote, lanik gabe gelditu baita. Antzeko atakan daude beste hainbat irakasle. Ezkor azaldu da, eta triste, zerbitzu publikoan murrizketarik ezin dela egin uste baitu. «Krisi garaietan ezin da etorkizuneko inbertsioan murrizketarik egin».

Gizartearen «oinarria» da hezkuntza, irakasle horren arabera. Beraz, hezkuntzan egindako murrizketak «arazo larria» direla uste du. Arazoak, baina, badu konponbidea: inbertsioa. Peñalvarrek dio departamentuko arduradunek negoziatzeko eseri egin behar dutela, eta dirua inbertitu. «Hezkuntzaren aldeko apustu sendoa egin behar dute». Haren aburuz, oraingo gastua etorkizuneko fruitu bihurtuko da.

Lanik gabe geratu diren beste hainbat irakaslerekin badu harremana. Peñalverrek dio depresioak jota daudela zenbait eta psikologoarenera joan behar izan dutela. Mobilizazioetan parte hartzeko indarrik gabe direnak ere asko omen dira. «Hainbeste borrokatu ondotik indarrik gabe geratu gara batzuk», azaldu du. Horrez gain, gizarteak kontzientzia hartzearen beharra azpimarratu du. Peñalverrek uste du jendea ez dela konturatu gai honen «larritasunaz». Gainera, murrizketa gehiago etorriko direla pentsatzen du, eta ez hezkuntzan bakarrik, baita osasungintzan ere.

Dena den, guraso eta ikasleek erantzun eginen dutela aurreikusi du. «Aurki batuko dira gurasoak eta ikasleak, eta sekulakoa etorriko da orduan». Izan ere, aste honetako mobilizazioetan nabaritu egin da jendea oporretan dela. Atzo, adibidez, 40 lagun inguru bildu ziren Hezkuntza Departamentuaren aurrean. Horregatik pentsatzen dute guraso eta ikasleak ikasturte hasierarekin batera batuko direla protestara.

Etorkizun beltza

Serio mintzatu da Peñalver. Eguzkitako betaurrekoen atzean babestu da hezkuntzaren etorkizunaz mintzatzeko. Ezkor azaldu da, ez du itxaropen handirik. Dena den, mobilizazioetan parte hartzen jarraituko du, eta gertutik jarraituko ditu datorren astean Hezkuntza Departamentuaren eta sindikatuen arteko negoziazioak.

«Kalitatezko hezkuntza publikoa baztertzen ari dira». Ezkor mintzo da. Ez du uste egoerak onera eginen duenik, eta, esan duenez, Nafarroako Gobernuaren murrizketen aurka egitea oso zaila izanen da. «Ezinen ditugu geldiarazi». Hala ere, protestarako borondatea erakutsi dute sindikatuek, bat eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.