Matanzas 2007an espetxeratu zuten 18/98 auziaren ondorioz, Ekinekin lotura izatea egotzita. Azken zazpi urteetan Cadizko Puerto III espetxean (Espainia) izan da, etxetik 1.050 kilometrora urrunduta.
Goizeko hamarrak inguruan irten da espetxetik, eta atarian zituen zain hainbat senide eta lagun. Iluntzean, harrera egingo diote Gasteizko Gamarra auzoan.
Matanzasek espetxetik irten eta gutxira BERRIAri adierazi dionez, espetxeratzea "errealitate oso gogorra izan da". Euskal presoen abokatu gisa urteetan lan egin duelako espetxeetako egoera ongi ezagutzen zuen arren, kartzelaldia "norbere haragaian sentitzeak" bestalako ikuspegia eman diola nabarmendu du. "Ondorioa da euskal presoen aldeko borroka areagotzeko beharra gorria dela".
Matanzasek Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren "esparrua eta erritmoa" errespetatzeko eskatu du. Presoen auziari konponbidea emateak "denbora hartuko du", haren esanetan. Frantziatik baikor izateko zantzurik iristen dela iritzi arrren, Espainiako Estatuaren jokabidea bestelakoa izango dela ohartarazi du. Frantzian ETAren jarduna apalagoa izateak presoen auzian urratsak egitea errazten duela adierazi du Matanzasek. Aldiz, ohartarazi du Espainiako Estatuak errotua duela mendeku jokabidea.
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta egin zuten 18/98 auziko operazioa, 1998ko uztailaren 15ean, Egin egunkaria eta Egin irratia itxi eta hainbat lagun atzemanda, eta handik zazpi urtera hasi zen epaiketa. 2009an eman zuen behin betiko epaia Gorenak: 38 lagun zigortu zituen, ETArekin lotuta, eta bederatzi absolbitu. Enpresen atalean zigortu zuten Etxeberria: hamabi urteko kartzela kondena. Ekinen atalean Matanzas: hamar urte eta bederatzi hilabetekoa. Halaber, KAS, Ekin eta Xaki legez kanpokotzat jo zituen Gorenak. Konstituzionalak ez zuen tramiterako onartu defentsaren helegitea. Dena ETA da asmakizunaren garaiak ziren. Ondorioak ditu oraindik.