GIZARTEA

Kalean edatea ez du debekatuko Eusko Legebiltzarrak

Adikzioen Legearen proiektua aldatu egin du parlamentuak puntu batzuetan, oposizioak bat eginda. Besteak beste, elkarte gastronomikoetan erretzen jarraitu ahalko da, baldin eta bazkideek bozketan hala erabakitzen badute.

Jendea, lurrean eserita, jan-edanean, Donostiako alde zaharrean. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko otsailaren 17a
07:32
Entzun

Eusko Jaurlaritzak “zero tolerantzia” estiloko lege proiektua aurkeztu zuen 2014ko abenduan, adikzioen aurka. Eusko Legebiltzarrak gaia aztergai izan du harrezkero, eta proposamen batzuk bertan behera geratu dira. Gaur egin du lantaldeak azken bilera.

Lege proiektuaren puntu gatazkatsuenetako bat zen kaleko edanarekin lotutakoa. Alkohola soilik tabernetan eta terrazatan kontsumitu ahal izatea zen gobernuaren proposamena. Zalantza handiak sortu zituen asmo horrek; esaterako, taberna alboetan edan ahalko litzatekeen, zein distantziatara arte, piknika egitean ere edan ote litekeen... Jon Darpon Osasun sailburuak iradoki zuen laxo jokatuko luketela: “Legeaz aparte, arau ona izaten da sen ona erabiltzea ere”.

Oposizioak —EH Bilduk eta PSE-EEk— bertan behera utzi du proposamena. EAJk azaldu du saiatu dela “erdibideko” zerbait bilatzen, aitorturik debeku hori gizarteak ez lukeelako “partekatuko”. Ez dute adostasunik lortu, ordea.

Tabakoarekin du lotura beste berritasunak. Oraingo Tabakoaren Legeak airean uzten du elkarte gastronomikoetan erre ote daitekeen edo ez —lokal itxiak aipatzen ditu—. Praktikan, erretzen segitzen dute elkarte gehienetan. Hori amaitzea proposatu zuen gobernuak —berdin elkarte gastronomikoetan eta gazte lokaletan—, erretzea galaraztea. Laxotu egin du araua legebiltzarrak: ezingo da erre, baldin eta bazkideek bozketa bidez ez badute kontrakoa erabakitzen. Hortaz, bazkide gehienak ados badaude, erretzen segituko ahalko da txokoetan. Salbuespena: elkartean adingabeak daudenean, ezin izango da erre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.