Preso bati Parot doktrina ezarri edo ez ebazteko orduan zer irizpide bete behar den zehaztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Kaleratze data epai irmo baten bidez zehaztua duten presoei ezingo zaie zigorra luzatu, hori eginez gero ebazpen judizialen ukiezintasun eskubidea urratuko litzatekeelako.«Babes judizialak eraginkortasuna galduko luke aukera emango balitz epai irmo bat berraztertzeko». Hori horrela, Parot doktrina atzerako eraginez ezarri dieten presoen babes helegiteak baino ez ditu onartuko Konstituzionalak. Jose Mari Perez Txuri euskal presoa aske uzteko erabakian jaso du irizpide hori auzitegiak.
Parot doktrina ezarri dieten 47 euskal presoren babes helegiteak aztertu ditu azken hilabeteetan auzitegi horrek, eta martxoaren 28an jakinarazi zuen 25 kasuri buruzko erabakia. Hiru baino ez zituen onartu: Jose Mari Perezena, Jose Ignacio Gaztañagarena eta Juan Mari Igarataundirena. Hirurak aske geratu ziren hurrengo egunean. Aztertutako beste hemeretzi helegite, aldiz, atzera bota zituen, eta beste hiru presoren eskaerak ez zituen tramiterako onartu. Guztira, 76 euskal presori ezarri diete Parot doktrina. Auzitegi Gorenak 2006an ezarritako irizpide horren arabera, espetxe onurak edo erredentzioak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lukeen gehienezko 30 urteko kopuruari—1973ko Zigor Kodearekin epaituak izan direnen kasuan—.
Zigorra luzatzeko bermea
Auzitegiak ez du, beraz, Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo doktrina, eta banan-banan aztertu ditu babes helegite guztiak. Jose Mari Perezenena aintzat hartzeko erabili dituen argudioak kontuan hartuta, ikuspuntu murriztatzaileena lehenetsi du auzitegiak, Perezen kasua ez baita ohikoena. Zigorraren amaieraren jakinarazpena jaso ondoren, erabaki horren aurka helegiteak aurkezten dituzte Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak. Egoera horretan egongo lirateke Parot doktrina ezarri dieten preso gehienak. Neurria Konstituzionalaren aurka jo ez duenez, Auzitegi Nazionalak bidea irekita izango luke zigorra bete duten presoei espetxealdia luzatzeko, Fiskaltzak edo Estatuaren abokatuak hala eskatuko balute.
Halakorik ez zen egon Perezen kasuan. 2008ko azaroaren 19an, Espainiako Auzitegi Nazionalak urte horretan behin betiko zigorra onartzeko erabakia hartu zuen, eta aldeek ez zuten helegiterik jarri; hortaz, erabakia irmo bilakatu zen.
Egun bat geroago, baina, Burgosko espetxeko (Espainia) zuzendaritzak galdetu zuen Diaz egun horretan aske utzi behar al zuen edo Parot doktrina ezarri behar al zitzaion. Fiskaltzari entzun ostean, Auzitegi Nazionalak atzerako eraginez doktrina ezartzeko agindu zuen, eta espetxetik ateratzeko data 2017ra arte atzeratu zuen.
Orain aho batez onartu duen epaian, Konstituzionalak eragotzi egin du berriz aztertzea epaileek eta auzitegiek emandako epai irmoak, «nahiz eta geroago ulertu hartutako erabakiek ez dutela bat egiten legediarekin».
Konstituzionalak atzo ezagutarazi zuen Perezen epaia, eta espero da datozen egunetan plazaratzea aske geratu diren beste bi presoena. Auzitegi iturrien arabera, magistratuek irizpide bera erabili dute Jose Ignacio Gaztañaga eta Juan Mari Igarataundiren kasuan. Gaztañaga 1988an espetxeratu zuten, eta 2006tik egon beharko luke aske. Auzitegi Nazionalak, baina, ebazpen irmoa atzera bota eta 2018ko martxora arte luzatu zion zigorra. Igarataundi, berriz, 1987an atxilotu zuten, eta 2009ko apirilerako ezarri zioten irteera data; Auzitegi Nazionalak beste zortzi urtez luzatu zion zigorra.
Atzera bota dituzten helegiteen epaiak ere ezagutarazi behar ditu auzitegiak. Aurreratu du kasu horietan boto partikularrak egon direla.
Kaleratze data irmoa duten presoei ezingo zaie ezarri 'Parot doktrina'
Zigorraren likidazioa epailearen erabaki irmoz onartua dutenen helegiteak bakarrik onartuko ditu Auzitegi KonstituzionalakJose Mari Perez 'Txuri' aske uzteko erabili dituen argudioak ezagutarazi ditu auzitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu