Kaleratzeak Stop plataformaren mozioari baiezkoa eman dio Donostiako Udalak. Osoko bilkurara eraman dute proposamena EH Bilduk eta Irabazik, eta PSE-EEren babesa ere lortu dute.
EH Bilduk nabarmendu du “nahiko baliabide” baduela udalak kaleratzeei irtenbidea emateko. PSE ados azaldu da testuarekin, eta nabarmendu du etxebizitzaren alorrean lan egiten ari dela —EAEko etxebizitza legean eskubide subjektibotzat jotzea aipatu du—. Orobat, ados azaldu da herri ordezkariek kaleratzeak geratzeko esku hartzearekin.
Horretarako hitza eman du bilkuran Eneko Goia alkateak. “Ahal dudana egiteko betebeharra dut”. Desadostasun bat sortu da, baina. Mozioan, puntu batean aipatu dute udaltzainek ez parte hartzea etxe kaleratzeetan. Goiak ohartarazi du legez ezinezkoa dela hori ezartzea, auzitegiaren aginduak betetzera behartua dagoelako Polizia. “Ez litzateke nire gogokoa etxe kaleratzeetan parte hartzea, baina nik ezin dut saihestu”.
Mozioa puntuka bozkatzeko eskatu du, baina ezetz erantzun diote EH Bilduk eta Irabazik. Hortaz, abstentziora jo du EAJk. PPk ere bai. Gainerako taldeen babesarekin atera da aurrera mozioa.
Kaleratzeak Stop plataformako kideak udalbatzan ziren, eta txaloka hartu dute erabakia. Goiak adierazi du abstentziora jo arren bere egingo dituela mozioaren puntuak, Poliziari dagokiona izan ezik, eta lan egingo duela.