Joanmari Larrarte. BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria

«Kalitatea da gure berme nagusia»

ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Merkatuan lekua dutela uste duelako egin du BERRIA Taldeak, enpresa barrurako dituen zerbitzuak bateratu, eta gizarteratzeko apustua. «Euskaraz eskaintzea, eta kalitatea dira gure berme nagusiak», dio Joanmari Larrartek, BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak.

BERRIA Taldeak beste urrats bat egin du, Bidera Zerbitzuak sortuta. Zein helbururekin?

Azkenengo urteetan gogoeta bat egin dugu BERRIA Taldean. Ikusten dugu egunkarien diru sarrerak murrizten ari direla modu batera edo bestera. Alde batetik, orain arte negozio bidea izan den prentsaren salmenta jaisten ari da, poliki-poliki; horri, publizitatearen jaitsiera nabarmena gehitu behar zaio. Hori ikusita, barruan dauden zerbitzuak gizarteratzeko, merkaturatzeko apustua egin dugu BERRIA Taldean. Azken batean, hedabide bat garenez, inguruan dugun zerbitzu eta azpiegituren bidez negozio bide berri bat ireki nahi dugu. Betiere pentsatuz, negozio bide horrek beste urrats bat egiteko aukera emango digula hedabideen sorreran.

Azken urteetan ere BERRIA Taldea aritu da horretan, ezta?

Orain arte BERRIA Taldeko zerbitzu bakoitzak bere bidea egin du. Banaketa izan da, ziurrenik, garapen handiena izan duena. Izan ere, egunkariak banatzen zituen enpresa zen Etxeraino, eta orain paketeriaren banaketa eta bestelako buzoneoak egiten ditu. Garapen indartsu bat izan du. Beste zerbitzu batzuek garapen txikiagoa izan dute. Kasu honetan, azken urratsa egin dugu: denak marka baten inguruan bildu. Horri esker, errazago kokatuko gara merkatuan, zerbitzu osoagoa etaintegralagoa eskainiz.

Urrats berritzailea da, ezta?

Maila txikiagoan beste hainbat hedabidek ere egin dute. Herri aldizkari batzuek, adibidez, eskaintzen dute beren diseinu zerbitzua. Gure eskaintza zabalagoa da.

Dena den, krisi ekonomikoak ez du asko lagunduko...

Krisi ekonomikoa bete-betean dago, eta argi dago ez dela erraza izango merkatuan lekua egitea, bertan kokatzea. Argi dago inurri lana egin beharko dugula pixkanaka lekua hartuz joateko. Baina apustu hau egin badugu, horretarako aukera dugula iruditzen zaigulako da. Kalitatea izango da gure berme nagusia.

Bezero izan daitezkeenei begira: zergatik aukeratu Bidera?

Aipatu bezala, gure berme nagusia kalitatea izango da. Horrekin batera zerbitzuak euskaraz eskaintzen ditugu. Gainera, BERRIA laguntzeko modu bat ere bada Biderako zerbitzuak kontratatzea.BERRIA

Bezeroekin izandako harremanak nolakoak izan dira?

Lan komertziala egiten badaramagu denbora bat, eta harrera ona izaten ari da. Orain lan egiten hasteko unea da. Poliki-poliki joan behar dugu jendea erakarriz. Banaketaren alorrean, dugun azpiegiturak aukera ematen digu zabaltzen jarraitzeko, eta euskara eta diseinu alorrean egunero erakusten eta demostratzen dugu zertarako garen gai. Hori da gure puntu indartsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.